Donostiako 1813ko sarraskia gogoratuko dute, urtero lez
1813ko abuztuaren 31ko sutearen simulazioa, artxiboko irudi batean.Joseba Parron San Sebastian 213 urte beteko dira astelehenean, abuztuaren 31n, Donostia erre zutenetik. Hirian urtero ospatzen den eguna izaten da, eta aurten ere, garai hartan gertatutako gogoratzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Donostia Sutan 1813 elkarteak.
Hala, ekitaldi horiek, ostegun honetan bertan (hilak 27) hasiko dira; izan ere, bertso musikatuak botako dituzte 19:00etan, Trinitate Plazan, Aitor Etxebarriazarraga, Alaia Martin, Manex Mujika eta Miren Artetxe bertsolariek. Unai Elizasu izango da gai jartzailea eta Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra musikarien presentzia ere nabarmenduko da. Elkartetik adierazi dutenez, eguraldi txarra eginez gero, Plaza Berrira lekualdatuko da saioa.
Hurrengoa hilaren 29an, larunbatarekin, izango da. Donostia suntsitu aurreko uneak, abuztuaren 31ko sarraskia eta ondorengo egunak antzeztuko zituzten antzerki ibiltaria, ekitaldi nagusitzat jotzen dute. Parte Zaharreko kaleetan zehar egingo dute, eta 20:00etan hasiko da San Bizente elizan, Plaza Berrian amaitu arte.
Astelehenean, hilaren 31n, 1813an gertatutakoari buruzko informazio panelak jarriko dira eta gai bereko aldizkariak banatuko dituzte; horrez gain, Sua itzali, Hiria piztu komikiaren 2. edizioa kaleratu du elkarteak, eta igandean bertan egongo da salgai hiriko zenbait txokotan, bi euroren truke.
Ekitaldiekin amaitzeko, irailaren 4ean, Zuzi martxa egingo dute Abuztuaren 31 kalean, 20:00etan. Horrek gogora ekarri nahi du ingelesek zibilak suntsitu zituztela frantziarrei ihes egiten uzten zieten bitartean, eta ondoren, irailaren 19an eta hiria sutan zegoela, probintziak aldez aurretik atzera botatako Espainiako Konstituzioa sinarazi zutela, indarrez, San Bizente elizan.
Gainera, elkarteak gogoratu nahi izan du, aurten ere, Palestinako genozidioa aipatuko dutela ekitaldi guztietan. Izan ere, Donostian urtero salatzen den sarraski honen harira, Palestinakoa salatzea “bidezkoa” iruditzen zaiela adierazi dute.

