Erraustegian «hamahiru sute baino gehiago» egon dira, GuraSOSek salatu duenez
Erraustegiaren aurkako martxa baten artxiboko irudia.Olatz Balda Zubietako erraustegiko langile batzordeak hilaren 19an bertan izandako sutea salatu ostean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) iragarri zuen espediente bat irekiko duela gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko. Horren guztiaren harira, ohar bat argitaratu du GuraSOS elkarteak, gertatutakoa baloratzeko.
Elkarteak salatu du GHKk “gutxietsi” egiten duela sute kopurua eta hauen larritasuna, beti “saihestezin eta noizbehinkako” gisa kalifikatuz. “Dagoeneko 13 sute baino gehiago izan dira. Eta horien
larritasuna ingurune naturalean etengabe isurtzen diren lixibatuen atzean dago, isurketa hau, batez ere, sute horiek itzaltzeko erabilitako ur ekarpenaren ondorioz sortzen dira. Gainera, ia denak ezkutatzen saiatzen da. Langileak arriskuan jartzen ditu suhiltzaileen esku hartzerik gabe itzaltzen saiatzeko, gertaerei zabalpenik ez emateko”.
“GHK da ingurumen baimenen titularra, eta berari dagokio jarduerari loturiko neurri zuzentzaileak betetzea”, gaineratu du GuraSOSek: “Plantan sartzen dena kontrolatu behar du, eta onargarriak diren hondakinak direla bermatu. Behartua dago bolumen handikoen azterketa bat egitea plantan onartu aurretik, horretarako, bere garaian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari aurkeztu zion onarpen protokolo bati jarraituz”.
Jarduera geldiaraztea
Erraustegiko langile batzordeak protestara deitu du gaurko (hilak 24), besteak beste, “berehalako ikerketa bat” eskatuz, baita “erantzukizunak garbitzeko eta segurtasun bermerik gabeko edozein jarduera geldiarazteko” ere.
Eskaera horiekin bat egi du elkarteak: “GuraSOSek hamar urte daramatza, lehenik errealitate hori iragartzen eta ondoren salatzen, eta denbora honetan guztian alde batera begiratzen ari diren eragile asko daude. Oraingoz, GuraSOS da ingurumena eta herritarren zein langileen osasuna arriskuan jartzen ari den txapuzeria honen erantzukizun penalak auzitegietan argitzeko ikerketa bat bultzatu duen bakarra. Hori dela eta, bat egin du jarduera zuhurki geldiarazteko aldarrikapen sindikalarekin, langileen osasuna eta segurtasuna ez ezik ingurumenaren eta osasun publikoaren gainean dagoen arriskua ere bermatu arte”.

