Lau lagun atxilotu dituzten furgonetetan egindako lapurretengatik
Ertzaintzak lau lagun atxilotu zituen ostiral arratsaldean eta larunbat goizaldean lapurreta egitea egotzita. Hiru lapurreta izan ziren, denak furgonetetan, baina gertakariak ez daude elkarri lotuta.
Lehen lapurreta Antigua auzoan izan zen. Bertan zegoen furgoneta baten leihoa apurtu eta barrutik hainbat gauza lapurtu zituzten, besteak beste, ordenagailu eramangarria, patinete elektronikoa, hiru motxila eta loteriako hamar txartel. Egindako ikerketari esker, auzo berean zegoen beste furgoneta batean gordeta egon zitezkeela jakin zuten ertzainek. Zain egon ziren eta gizonezko bat sartzen ikustean, atxilotu egin zuten. Ibilgailu barruan atzeman zituzten lapurtutako gauzetako asko.
Ordu batzuk geroago, Gros auzoan beste lapurreta baten berri eman zuten. Bertaratutako ertzainek leihoa indarrez irekia eta barrualdea nahasirik topatu zuten. Inguruan susmagarri bat topatu zuten, eta miaketan, furgonetan zeuden bozgorailuak atzeman zizkioten.
Azken lapurreta, larunbat goizaldean gertatu zen, Intxaurrondon. Herritar batek jakinarazi zuen bi pertsona furgoneta batean lapurtzen ari zirela. Iristean, barruan harrapatu zituzten susmagarriak.
Hiru atxilotuak epailearen esku utzi zituzten beharrezko eginbideak amaituta.

