Poesiak hartuko du hiria
Poesia Orduak errezitaldien kartela.Maite Mutuberria Bueltan dira Poesia Orduak errezitalak; irailaren 7an eta 8an hartuko du poesiak hiria, hain zuzen, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. 19:00etan izango dira bi errezitaldiak; irailaren 7an, REC (Miren Agur Meabe eta Ibon RG) errezitatuko dute eta, 8an, Gari errearen urrina (Fertxu Izquierdo eta BlekingeKale Banden).
Errezitaldiak aurtengo Euskal Jaien egitarauaren parte izango direla adierazi du Donostia Kulturak, besteak beste, estropadekin, sagardo egunarekin, euskal dantzekin eta abarrekin batera.
Errezitatuko direnak
REC testuari dagokionez, Miren Agur Meabek eta Ibon RGk Meaberen ibilbideko memoria poetikoa antzeratuko dute, diziplina anitzeko ikuskizun batean. Meabek bere laneko poema eta gai nagusiak (identitatea, gorputza edo idazkuntza, besteak beste) biltzen dituen bitartean, Ibon RGk testu horiek musika esperimental bihurtuko ditu. Horrela, testua, irudiak eta hotsak uztartuz, bi ahotsek bat egingo dute.
Gari errearen urrina testuan, berriz, Fertxu Izquierdo idazleak eta BlekingeKale Banden taldeak errezitaldi “punkerizatu” bat eskainiko dute, izen bereko liburuan oinarrituta. Bertan, poesia eta punk-rock doinuak uztartuko dituzte, liburuko poemak errezitatuz, kantu bihurtuz eta gai bereko beste abesti batzuk joz. Ikuskizunaren eta liburuaren helburua gure garaiko gordintasuna islatzea da, kronika poetiko baten bidez bizipen pertsonalak zein gizarteko auzi kolektiboak (hala nola Gazako genozidioa, poliziaren indarkeria, hiri-paisaiak edota memoria historikoa) aztertuz eta partekatuz.
Gonbidapenak saioen egun berean eskura daitezke, 11:30etik aurrera, antzokiko lehiatilan.

