Donostia Ospitaleko Larrialdiak hiru urtez egongo dira obretan, erabateko erreforma bat egiteko
Donostiako ospitalea. Beñat Parra Erreforma handia egingo dute Donostiako Ospitaleko Larrialdi zerbitzuan, irailetik aurrera; instalazioak berrituko dituzte, zaharkituta geratu direlako. Lanek hiru urteko iraupena izango dute, lau fasetan banatuta. Hala eginez, jarduera asistentziala une batez ere eten gabe egingo dituzte lanak.
Eremua handituko dute, bai, baina dagoeneko dagoen espazioa berrantolatu eta optimizatzea ere bada helburua. Horrek, arretaren optimizazioan ere eragingo du, hori erosoagoa, seguruagoa eta gizatiarragoa eginez.
Eremuaren antolamendua
Espazioa txikia geratu den arren, eremuaren antolamendua da arazo nagusietako bat; izan ere, gaur egun, Larrialdiek ospitale barruko pasabide gisa funtzionatzen dute. Hala aitortu dio Arantza Aguillo Larrialdietako zerbitzuburuak Diario Vascori: “Pasillo moduko bat da, oso irekia, eta jendeak aldagelara sartzeko, lanera joateko, norbait bisitatzeko edo kontsultaren batera joateko erabiltzen du”.
Horrek, noski, intimitate eta pribatutasun falta handia eragiteaz gain, profesionalen lana zailtzen du. Horretarako izango dira erreformak, hain zuzen ere: pazienteen eta profesionalen zirkuituak ongi bereizteko. Horretarako, egungo instalazio gehienak eraitsi eta berreraiki egingo dituzte.
Pribatutasuna eta humanizazioa
Gaur egun, orduak pasatzen dituzte pazienteek larrialdien gunean, medikuaren diagnostikoaren edo azken horren emaitzen zain. Itxaroteko areto zabal horrek pribatutasun eta erosotasun gabezia garrantzitsuak ditu, Aguilloren hitzetan: “Pazientearen pertzepzioa askotan izaten da han ez duela ezer egiten. Ez dago intimitaterik, eta laguntzailearentzat ere deserosoa da”. Gaur egun, batez besteko lau eta sei ordu bitarteko itxaronaldiak egoten dira larrialdietan, kasuaren arabera.
Hala, itxaron baldintza horiek hobetzea da proiektuaren lehentasunetako bat. Lanak jarduera asistentziala gelditu gabe egitea dute erronkatzat, eta horretarako, lau faseko egutegi bat diseinatu dute; horrek, eremu batzuetatik beste batzuetara aldi batez lekualdatzea ekarriko du, lanak amaitzen doazen heinean. “Helburua da arretan ahalik eta gutxien eragiten saiatzea”, gaineratu du larrialdietako buruak.

