'Gernikak. Begiradak' erakusketa jarriko dute Donostian, «gerraren zentzugabekeriaz» hausnartzeko
'Gernikak. Begiradak' erakusketako irudi bat.Donostia Kultura Irailaren 2tik urriaren 3ra, Xanti Arrieta artista bergararraren “obrarik sakonena eta intimoena” ikusi ahal izango da Donostian, Amara Berriko Ernest Lluch Kultur Etxean, Gernikak. Begiradak erakusketaren bidez. Artistaren beraren hitzetan, Pablo Picassoren Guernica obra ezagunetik abiatuta, “gerren zentzugabekeriez egindako hausnarketa kolektiboa” da erakusketa: “Kolektiboa, polifonikoa eta poliedrikoa den proposamen artistikoa ageri da erakusketa honetan”.
Arrietaren obrekin batera, “euskal kulturan erreferentziazkoak diren hamar kulturgileren gogoetak” txertatu dituzte erakusketan; zehazki, kulturgile hauenak: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak, Eñaut Elorrieta kantugilea, Patxi Ibarzabal hezitzailea, Maite Aristegi nekazaria eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak. Hain zuzen ere, Ramirez de la Piscina arduratu da testuen eta kolaboratzaileen koordinazioaz.
Bergararrak ohar baten bidez azaldu duenez, Gernikak. Begiradak erakusketa “ezinegonetik sortu den begirada kolektiboa da”: “Gernikan 1937an izandako bonbardaketatik gaur arte zein gutxi ikasi dugun ikusarazten digun oihu erdiragarria. Izan ere, guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten dizkiguten toki izenak dira: Malaga-Almeria errepidea, Tokio, Hiroshima, Dresde, Varsovia, Gaza… Guretzat, akaso, ezezagunagoak”. “Urrutikoegiak, agian? Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza berri jasateko prest gaude, gu —XXI. mendeko lehen laurdenera iritsi garen munduko hiritar modernook— gure besaulkitik zirkinik ere egin gabe?”, gaineratu du.
Horrela, erakusketak “Picassoren obra unibertsala zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta egun euskal kulturan erreferentzialak diren zenbait pertsonaren begiradak jasoz”. Donostiara iritsi aurretik, ibilbidea luzea egin du Arrietaren erakusketak: Bergara, Gasteiz (bi aldiz), Altsasu, Gernika eta Elorrion egon da ikusgai, hain zuzen ere. Donostiatik pasatu ostean, Iruñean eta Getxon ere jarriko dute, 2027an.

