Loiolako Erriberako auzo elkarteak salatu du udalak haien eskakizuna atzera botako duela
Imanol Pradales lehendakaria eta Jon Insausti alkatea Loiolako Erriberan, zuzkidura bizitokien inguruko agerraldi batean.EAJ Loiolako Erriberako auzo elkarteak eskakizun bat egin zion Donostiako Udalari, G.0007 lursailean ez eraikitzeko eskatuz. Udalak gaur eskakizuna atzera botako duela salatu du auzo elkarteak.
Elkarteak adierazi duenez, udalak ez ditu kontuan hartu auzotarrek bidalitako dokumentuak. Dokumentuetan auzo elkarteak adierazi omen zuen lanak baliabide publikoaren kudeaketaren zuhurtzigabekeria zirela. Elkarteak gaineratu du plangintzaren eta lizitazioaren aurkako prozedura judizialak irekita daudela; ondorioz, lizitazioa eta beste edozein lan geldiarazteko eskatu du.
Auzo elkarteak gogorarazi du lursaila, berez, komunitatearentzako hornikuntzarako zegoela bideratua eta gaineratu du bertan eraikitzeak paisaia integratzearen betebeharrak ez dituela betetzen.
Horren aurrean, Europa Press agentziak jaso duenez, udalak azaldu du ez dela lizentzia eteteko ezarritako “beharrezko bi kasuetako bat ere” gertatzen; izan ere, “ez dira egiaztatzen konpondu ezin diren edo konpontzeko zailak diren kalteak, eta ez dago erabateko deuseztasun arrazoirik”.
Elkartearen eskaeraren aurkako erabaki honek amaitu egiten du bide administratiboa, eta, beraren aurka, elkarteak berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Tokiko Gobernu Batzarrari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean aurkaratu dezake, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Donostiako Epaitegian.

