Larunbateko finaletako lehen hiru bikoteak baditu Antiguako Pilota Txapelketak
Gaur jokatuko dituzte bigarren finalerdiak. Antiguako Pilota Txapelketa Antiguako 78. Pilota Txapelketak baditu larunbateko finaletarako lehen hiru bikote sailkatuak: Arraiza-Gaminde, emakumezkoen elitean; Ramirez-Apeztegia, gizonezkoen promesetan, eta Lizeaga-Balerdi, gizonezkoen elitean. Atzo jokatutako finalerdietan garaile izandakoak, hain zuzen ere. Gaur erabakiko da nor izango duten larunbateko finaletan aurrez aurre, bigarren finalerdiak 18:00etan hasiko baitira Antiguako frontoian.
Emakumezkoen Elite mailako lehen finalerdian, Miriam Arraizak eta Enara Gamindek 22-10 gainditu zituzten Maddalen Etxegarai eta Ane Mendiburu. Markagailuak alde handia erakutsi arren, partidaren lehen zatia gogorra eta lehiatua izan zen. Aurrera egin ahala, ordea, Gaminderen jokoak beste abiadura bat hartu zuen eta bikote urdinak aldea handitzea lortu zuen. Arraizak, berriz, partida praktikoa egin zuen, arrisku gehiegirik hartu gabe eta bikotekidearen nagusitasuna ondo baliatuz. Azken txanpan nagusi izan ziren eta finalerako lehen txartela eskuratu zuten.
Gizonezkoen promesetan izan zen eguneko partidarik estuena. Unax Ramirezek eta Ugaitz Apeztegiak 22-21 irabazi zieten Bingen Beitia eta Artea Goibururi, partidaren zatirik handienean markagailuan atzetik joan ondoren. Beitia-Goiburu oso indartsu hasi ziren, erritmo handia jarriz hasieratik eta 5-1eko abantaila hartu zuten. Ramirez-Apeztegia gerturatu bazen ere, bikote gorriak berriro ere aldea zabaltzea lortu zuen. Ez zuten, ordea, partida galdutzat eman, Ramirezen eskuinak gero eta min handiagoa egin zuen eta Apeztegiak lan sendoa egin zuen atzean, momentu askotan behartuta aritu arren akats gutxi eginez. Beitia-Goiburu 21era iritsi zenean ere, bikote urdinak lanean jarraitu zuen. Ramirezen eskuin indartsuak eta Apeztegiaren sendotasunak azken hiru tantoak euren alde erortzea ahalbidetu zuten, eta 22-21ekoarekin finalerako sailkapen ikusgarria lortu zuten.
Elite mailako finalerdikoan, Eñaut Lizeagak eta Asier Balerdik 22-17 gainditu zituzten Joanes Cestau eta Aingeru Bernaola. Lizeaga-Balerdi bikotea hasieratik saiatu zen aurkariak euren jokotik ateratzen eta abantaila garrantzitsua lortu zuen. Balerdik lehen zati bikaina jokatu zuen, Lizeaga, berriz, ausardiaz aritu zen eta bere jokoaren baliabide ezberdinak erakutsi zituen. Cestau eta Bernaolak, ordea, ez zuten amore eman. Bernaolak hasierako akats batzuk zuzendu eta partidaren pisua hartzea lortu zuen, Cestauk ere hainbat tanto amaitu zituen, eta bikote urdinak markagailua berdintzea lortu zuen. Partidaren une erabakigarrian, ordea, Lizeaga-Balerdi sendoago aritu zen. Berdinketaren ondoren, Cestauren hainbat akatsek aukera eman zieten gorriei berriro ihes egiteko, eta 6-0ko tanto segida batek partida erabakita utzi zuen. 22-17ko garaipenarekin, Lizeaga eta Balerdik hirugarren garaipena lortu dute jokatutako hiru partidetan eta larunbateko finalera sasoi bikainean iritsiko dira.

