Subijanaren bibotearen atzean dagoena erakutsiko du Culinary Zinemak, beste lau proposamen eta afari tematikorekin batera
Bost filmez eta horiei lotutako afari tematiko banaz osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko Culinary Zinema saila.
Pedro Subijana sukaldaria.Donostia Zinemaldia Bost filmez eta horiei lotutako afari tematiko banaz osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko Culinary Zinema saila. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak aurkeztu dute aurtengo programazioa, GOe zentroan.
Guztira, lau mundu estreinaldi hartuko ditu sailak, eta bost filmak lehiatuko dira 10.000 euroko Culinary Zinema Saria eskuratzeko.
Bost film, bost zapore
Carlos Velascok (Madril, 1981) eta Kate Huk (Taipei, 1982) zuzendutako Noor: Cocinar pasados posibles / Noor: Eating History ez fikziozko lanak irekiko du saila. Dokumentalak Paco Morales eta Paola Gaulandiren lana erakusten du: nola berreskuratzen eta interpretatzen duten Al-Andalus garaiko ondarea Kordobako Noor jatetxeko goi-mailako sukaldaritzatik abiatuta.
Keita Ideno japoniarrak (Osaka, 1975) eta Ivan Kovac australiarrak (Newport Beach, 1974) elkarlanean zuzendu dute MITANI – The Marriage of Sushi ez fikziozko lana. Dokumentalak Yasuhiko Mitaniren munduan murgiltzen du ikuslea; izan ere, Tokioko sushi jatetxe esklusibo baten jabea da Mitani, sei pertsonarentzako tokia eta lau urteko itxaron zerrenda dituen lokalarena, hain zuzen.
Michael Dweck (Brooklyn) eta Gregory Kershaw (Utica) estatubatuarrek Burgundy aurkeztuko dute, Borgoina eskualdeko ardoaren kulturari buruzkoa, fikzioa eta ez fikzioa nahasten dituena.
Lehian izango da, halaber, Jorge Fernandez Mayoralek (Logroño, 1982) eta Jesus Javier Ruiz Aquerretak (Iruña, 1975) zuzendutako Subijana, más allá de un bigote / Subijana: The Man Behind the Moustache. Ez fikziozko film honek Pedro Subijana sukaldari donostiarraren erretratu intimo eta pertsonala marrazten du.
Azkenik, Pablo Bujosa Rodriguezen (Palma, 1980) Mallorca, un receptari / Mallorca, a Cookbook filmarekin amaituko da Culinary Zinema saila; uharteko hainbat herritan zeharreko bidaia bat proposatzen du lan honek, bertako sasoiko produktuekin belaunaldiz belaunaldi transmititu den sukaldaritza tradizionala ezagutarazteko asmoz.
Afari tematikoak
Emanaldiekin batera, irailaren 22tik 25era bitartean egingo diren bost afari tematikoek osatuko dute esperientzia, Basque Culinary Centerreko irakasle eta ikasleen laguntzarekin.
Irailaren 22an Paco Morales eta Paola Gualandik (Noor) emango diote hasiera egitarauari sukaldaritza andalustarrean oinarritutako menuarekin; biharamunean, irailaren 23an, Yasuhiko Mitani japoniarrak hamasei lagunentzako afari esklusiboa eskainiko du GOe zentroan (175 euroan), eta, egun berean, Alex Lizarragak, Edgar Jimenezek eta Antonio Belottik Borgoinako ardo eta jakietan oinarritutako sei eskuko afaria gidatuko dute BCCn.
Irailaren 24an, Subijanari omenaldi berezia egingo diote Eneko Atxa, Roberto Ruiz, Edorta Lamo eta David Yarnoz sukaldariek, Armintz Gorrotxategiren postrearekin batera, eta zikloa ixteko, irailaren 25ean, Maria Solivellasek eta Andreu Genestrak Mallorcako memoria eta produktuak eramango dituzte mahaira (BCCko saio guztiek 90 euroko prezioa izango dute).

