Abuztuaren 31ko gertakariak hainbat kultur jarduerekin eta ohiko antzezpenarekin oroituko dituzte
Abuztuaren 31ko gertakariak oroitzeko ekitaldien aurkezpena egin dute udaletxean.Donostia Kultura Donostiako Udalak 1813ko abuztuaren 31ko hiriaren eraso eta erreketa tragikoa oroitzeko ekitaldien programa ofiziala aurkeztu du. Ana Lopez kultura zinegotziak adierazi duenez, “Donostiak aurten ere hitzordu berezi eta hunkigarria izango du 1813ko abuztuaren 31ko sarraskia gogoratzeko, hain zuzen ere, gure hiriaren historiari eta memoriari lotutako hitzordua”.
Lopezek gaineratu du bi mende baino gehiago igaro direla, “baina gertatutakoak gure memoria kolektiboaren parte izaten jarraitzen du”. Horregatik, abuztuaren 31n, Donostiak gertakari haiek bizi eta pairatu zituzten emakumeak eta gizonak gogoratzen dituela nabarmendu du.
Aurkezpenean, Lopezekin batera izan dira Donostia 31 Kultur Taldeko Jose Maria Leclercq, arratsaldeko danborradako Jon Manterola danbor nagusia, eta gaueko zuzien argitan zeremonia paseoan parte hartuko duen Easo Abesbatzako zuzendari artistiko Gorka Miranda.
Oroitzapen ekitaldiak
Ekitaldi nagusiak abuztuaren 31n, astelehenean, egingo dituzte. Goizean, hiria hartu eta suntsitu zutenean hil zirenak omentzeko meza egingo dute, eta hortik aurrera hainbat ekitaldi izango dira gauean erreketa tragikoa antzeztu aurretik.
- 11:30. Elizkizun nagusia San Bizente elizan.
- 13:00. Lore eskaintza Itxas atean (Portaleta).
- 17:00 Patiñako elkarteak Koruko Ama Birjinaren plazatik Zuloaga plazaraino hurbilduko dira.
- 17:00 Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren arteko kanoi-hotsa.
- 18:00 Donostia 31 Kultur Taldearen aitortza Save the Children erakundeari eta Urteurreneko desfilearen irteera Zuloaga plazatik.
- 19:00 Biktimen oroimenezko minutu bateko isilunea Bulebarreko kioskoan eta hiriaren setioaren hasiera.
- 21:00 Gazteluaren erasoa eta Donostiaren erreketaren antzezpena Zuloaga plazan.
- 21:30 Hiriaren sutearen simulazioa Apaizen pasealekuan eta Begiratokiko Baterian. Kanpai hotsak hiriko eliza desberdinetan eta Abuztuaren 31 kalean argien itzaltzea eta kandelen piztuera. Zuzien argitan paseo zeremoniala San Bizente elizatik Santa Maria basilikaraino.
Kultur jarduerak
Abuztuaren 31ko egitarauaz gain, aurreko egunetan gertaera historiko honekin zerikusia duten hainbat kultur ekintza egingo dituzte. Horrela, hilaren 29ra arte erakusketa irekia egingo dute San Jeronimoko hitzaldi aretoan (Liburutegi Nagusia) 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Bertan, 1813 erre aurretik hiria nola konfiguratu zuten azaltzen duten panelak, garai hartako jatorrizko gutunak eta dokumentazioa, erre aurreko eta ondorengo hiriko bideoak, eta orain arte erakutsi gabeko plano zaharrak eta 1813ko gerraren inguruan egindako partitura ikusi ahal izango dira.
Era berean, abuztuaren 27tik 29ra, hiru hitzaldi egingo dituzte areto horretan bertan. Hitzaldiak 19:00etan hasiko dira eta XVIII.mendearen amaierako eta XIX. mendearen hasierako Donostiara eta 1813ko abuztuaren 31rekin lotutako gertakarietara hainbat ikuspegietatik hurbiltzeko aukera emango dute.
Omenaldia
Gertaera historiko honen biktimak gogoratzeaz gain, egunean zehar euren egunerokotasunean hirian arrastoa utzi duten eragile eta pertsonen lana eta oroimena omenduko dituzte. Horrela, arratsaldean egingo dituzten ekitaldietan, aurten Donostia 31 Kultur Taldeak, desfilea hasi aurretik, Save The Children erakundea omenduko du, egiten duten lan humanitarioa aitortzeko.

