Amarako bizilagun bat etxegabetze arriskuan dagoela salatu du Saretxek
Saretxeko kideak, Azoraren aurkako elkarretaratze batean. Artxiboko irudia.Saretxe Saretxe Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, Amarako bizilagun bat etxegabetuko du Azora putre funtsak datozen hilabeteetan, “inolako alternatibarik eskaini gabe”.
Etxegabetze prozedura aldi baterako eten zen, COVID-19aren ondorioz 11/2020 Errege Lege Dekretuak ezarritako neurriei esker. Neurria, baina, indargabetu egin da eta prozesuari berriro ere ekin dio Azora putre funtsak eta epaileak etxegabetzea agindu du. Kaleratzeak data zehatzik ez badu ere, bizilagunari bere abokatuak jakinarazi dionez, lauzpabost hilabeteko epea du.
Sindikatuak gaineratu du Amarako bizilagunak osasun arazo oso larriak dituela, baina beharrezko ebakuntza ezin diotela egin esan diotela ospitaletik, errekuperazioa egiteko etxe egonkorrik ez duelako. Gizarte Zerbitzuetara ere jo du bizilagunak, baina jakinarazi diote ezin dutela egoera konpondu, oraindik kalean ez dagoelako.
Saretxek adierazi du egoeraren aurrean Gizarte Zerbitzuetara jo duela, irtenbide bila, baina ez dute “taxuzko erantzunik” jaso: “Aukera bakarra eskaini diote, bizpahiru urte inguruko itxaron zerrenda daukan zaharren egoitza batera joatea”. Asteroko bilerak egin arren, tramiteak egiteko denbora gehiago behar dutela erantzun diete, bizilagunak, ordea, ez daki hemendik lau hilabetera “non eta nola egongo den”.
Saretxek salatu du “onartezina” dela pertsona baten etxebizitza egoerak haren bizitza salba dezakeen ebakuntza bat eragoztea eta bizilagunak premiaz etxebizitza egonkor bat behar duela adierazi du. Horregatik, etxebizitza sindikatuak Azorari eskatu dio etxegabetzea ahalik eta azkarren geldiarazteko eta ez dezala Amarako bizilaguna kalean utzi. Bestetik, erakunde publikoei eskatu diete bizilagunaren egoerari “premiaz erantzuteko” eta etxebizitza egonkor bat eduki dezala bermatzeko.

