Zer plan astebururako Donostian?
Riccardo Chantilly.Musika Hamabostaldia Ate joka dugu asteburua dagoeneko, baina oraindik ez dakizu zer egin? Ohiko legez, askotariko kultur eta aisialdi ekitaldiak daude antolatuta Donostian, eta gure agendan aukeraketa zabala aurkituko duzu. Horrez gain, baina, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 28), musika elektronikoaren zaleek zita garrantzitsua dute Miramongo anfiteatroan, 18:00etatik 01:00etara, Dantz jaialdiarekin. DJ ugari arituko dira zuzenean, eta, gauerditik aurrera, after party-a egingo dute La Cripta aretoan, hainbat DJ-ren zuzeneko emanaldiekin.
Larunbatean (hilak 29), Donostia Sutan 1813 elkarteak, urteroko legez, 1813ko abuztuaren 31n hiria suntsitu aurreko uneak, sarraskia eta ondorengo egunak antzeztuko ditu, oroitzapen eta salaketa ekitaldi gisa, antzerki ibiltari baten bidez. 20:00etan hasiko dira, eta Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira.
Igandean (hilak 30), Musika Hamabostaldiaren itxiera gisa, Milango Scala eta Donostiako Orfeoia arituko dira Kursaalean, Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean, 20:00etan. Sarrerak Musika Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaaleko leihatilan daude salgai, 42-80 euroan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere gomendatuko dizugu: Egia Dantzan egitasmoaren bidez, dantza Blas de Otero plazara aterako dute, asteazkenetik ostiralera bitarte. Asteazkenean, lehenengo egunean, Haatik taldearen IOI (19:30) eta Okupa proiektuaren Zeharkatzen (20:15) ikusi ahalko dira.

