Dena zen su
Aste Nagusiko su artifizialak.Nagore Garmendia Nostalgiari eskua emanda bizi garenok argazkiz beteta ditugu galeriak.
Pantailari begiratu eta han dago, nago, gaude, zaude, berriro. Zoriontsu, inoiz baino gehiago, pantailaren aurrean eta atzean sumatzen den [gogoratzen dudan] zoriontasun lasaigarri batekin, udazken betean, udaberri batean, uda hasieran, beroarekin, beroa gainetik kendu ezinik.
Eta hortxe gu.
Eszenatoki artifizial bat da, noizbait gertatu, bat-batean eztanda egin eta desagertu egin dena. Baina oraindik ere argi bera du, kolore bera, soinu bera, errauts usaina. Da iheskorra, baina erretinan sartuta geratzen da, arnasik gabe uzten zaitu, izutu, betetzen zaitu nostalgiaz eta erromantizismoz eta du itzal bat distiratsua, efimeroa izan arren, ahaztezina dena. Eta etxera zoaz bihotza beteta, ze argi, ze kolore, ze soinu, ze zarata, zarata izugarri bat, gainezka ere egiten du zaratak, ze usain.
Eztanda.
Eta zenbat errauts desagertu eta gero.

