Landa eremuaren azken egunsentia
'The Living Land' filma. Filma: Living The Land.
Zuzendaria: Huo Meng.
Urtea: 2025.
Herrialdea: Txina.
Zinemagile txinatarrak nekazaritzan eta abeltzaintzan errotutako gizartea erretratatzen maisu bilakatu dira. Bosgarren belaunaldia deritzon zuzendari sortaren begirada politikoa dagoeneko gaindituta, landa eremuko bizitzaren eta tradizioaren gainbeheraz hausnartzen hasi ziren hainbat sortzaile 1990eko hamarkadan. Zhang Yimouren lekukoa hartu zuten Jia Zhangke eta Li Ruijun buru zirela, mundu zaharrari agur esan eta hiri zein industria guneetara gertatutako exodoaren (errealitate soziokultural haren) kronista finenak bihurtu ziren. Kontatu zizkiguten istorioetako haurrak heldu dira orain, eta kamera eskuan hartuta, garai hura gogoratzen hasi dira. Huo Meng dugu horren adibiderik argiena, iazko Berlinale jaialdian Zuzendari Onenaren Saria irabazi zuena.
Bizitakoan baino gehiago, oroitzapenetan ardaztutako filma da Living The Land. Haurtzarorako bidaia hau amets irudi kolektibo bat da, non lurrarekiko maitasunak gizarte modernoaren indarrarekin talka egiten duen. 1991n girotua, Chuang 10 urteko mutikoa eta haren familia ezagutuko ditugu: gurasoak hirira joan dira lan bila, eta umeak herrian geratu beharko du, aitona-amonekin eta gainerako senideekin batera. Orduan hasiko dira agertzen ordura arte ia ezagutzen ez zituzten dirua, telebistak eta traktoreak; eta, haiekin batera, negozio berriak, inbertsioak zein petrolio esploratzaileak sortuko dira, eta horien etorrerak baztertuko du ilargi egutegia.
Teknologiaren etorrerak eragindako bizimodu tradizionalarekiko haustura irudikatzeko, zinemagile txinatarrak mosaiko bat margotuko du, eta pintzeltzat du bere kamera. Hemen eta han geldituz, herriko biztanleen berezitasun txikietan galdu gabe, komunitatearen taupada osoari, elkarrekin osatzen duten arima horri, begiratzeko. Pertsonaien urratsak eta solasaldiak oztopatu gabe dabil, distantzia hartuta, behatzaile isil bat balitz bezala. Elkarrizketak, lanaldiak, eskola orduak… kausa efektuzko logikarik gabe lotuko dira; izan ere, denboraren joanak eta naturak berak ezarriko dute erritmo narratiboa.
Mengek lau urtaroak erakutsiko dizkigu, baina istorioak ez du egitura klasiko bat jarraituko. Plano aldaketa bakoitzak giro berri bat dakar, kolore tonu eta atmosfera berriak azaleratuz. Hala, euri jasa bortitzetatik beroaldi itogarrietara igaroko gara, uzta biltzetik haurren ikasketetara, ilunabar argiztatuetatik egunsenti hodeitsuetara… eta, azken finean, bizitzaren beraren ziklo geldiezinera. Bada, Living The Land ez da soilik mundu baten desagertzearen kronika malenkoniatsua; galtzen ari garen sustraiei eskainitako begirune eta maitasun keinu bat da.

