«Oraindik ere badaude euskaraz janzteko arrazoiak»
Gutxi dira arropa euskaratik eta euskaraz sortzearen aldeko apustua egiten duten dendak. Unai Elizasuk euskara soinean eramateko modua aurkitu du, Puntutan proiektuaren bitartez.
Unai Elizasu, Puntutan dendaren arduraduna.Garazi Etxaniz Non: Aralar Mendia kalea, 48, Donostia.
Telefonoa: 747-43 66 93.
Webgunea: Puntutan.eus.
Nola definituko zenuke Puntutanen filosofia?
Puntutanen filosofia definitzea erraza da. Azken batean, bertsoa oinarri duen arropa denda da, eta egun, bertsotik ekarritako testuak ez ezik, euskara, esaera zaharrak eta esamoldeak ere ekartzen ditugu arropetara. Euskaratik eta euskaraz.
Zer izan behar du diseinu batek ona izan dadin?
Jakingo banu, aberatsa izango nintzateke! Diseinu bat ona izateko, ezer baino lehen, testu, esaera edo bertso horrek zer edo zer eragin behar dit niri. Oinarria horixe da: Puntutanek diseinuak sortzeko –kasu honetan, ni izanik arduraduna–, niri eragin behar dit. Iruditzen zait eragiten didan horrek besteak ere eragin ditzakeela.
‘Urteten jake’ zure azken diseinuak sekulako harrera izan du. Zer izan du berezitik?
Irakurketa oso sinplea da. Egoera linguistikoak eraginda, haserretik datorren diseinu bat da, Puntutanek haserretik sortutako diseinu bakarra. Ustekabean egindako diseinu proposamena izan zen, eta hortik sortu da arrakastarako bidea. Ez nuen espero, inolaz ere, baina diseinua erakargarria izan bada, esango nuke izan dela euskal gizartean eta euskararen munduaren bueltan gabiltzanoi haserrea sortu digulako, eta iruditzen zaigulako testu horrek identifikatu egiten gaituela bizitzako momentu jakin honetan.
Nolako unea bizi du gaur egun euskarazko arroparen sektoreak?
Nik uste jabetzen garela gaur egungo gizartean soinean janzten dugun horrek esaten duela nor garen gu; euskaldunak eta euskara zaleak badira kontziente. Ez gara asko euskaratik eta euskara hutsez sortutako arropa dendak, baina gauden gutxi horiek oso modu kontziente eta koherentean egiten diogu lekua euskarari. Ez gara ohiko arropa dendak, baina uste dut poliki-poliki jendeak ezagutuko gaituela eta jendea hasiko dela adierazten duguna sentitzen arropa horiek jantzita.
Nola irudikatzen duzu Puntutan hamar urte barru?
Hamar urte barru? Egia esan, ez dakit datorren urtean egongo ote naizen. Puntutanen moduko proiektu bat ez da bideragarria bere horretan. Oso zaila da euskararen arropategitik modu koherente batean enpresa edo proiektu bat bideragarria izatea, hortik jatea, alegia. Momentu batean, akaso senti nezake proiektuak ez duela logikarik eta galdu duela koherentzia. Momentu hori iristen bada, itxiko ditut ateak beldurrik gabe, baina uste dut oraindik ere badaudela arrazoiak euskaraz janzteko. Badagoela desira euskararen inguruko terminologiak arropetara ekartzeko. Ez haserretik sortutako diseinuak, baizik eta umoretik, hausnarketatik eta gogoetatik. Puntutan bertsolaritzatik dator, eta beraz, bertsolaritzak modu osasuntsuan jarraitzen badu, Puntutanek ere modu osasuntsuan jarraituko du.


