Arraiza-Gaminde, Ramirez-Apeztegia eta Etxeberria-Apeztegia izan dira txapeldunak
Larunbatean jokatu zituzten 78. Antiguako Pilota Txapelketako finalak Antiguako frontoian, sarrera guztiak salduta.
Harmailak bete ziren finalak ikusteko. Joseba Parron San Sebastian Pilotaz betetako goiza izan zen larunbatekoa Antiguako frontoian. Giro apartean jokatu zituzten aurtengo Antiguako Pilota Txapelketako finalak, harmailak beteta. Jaialdia 11:0etan hasi zen eta hiru final jokatu zituzten: emakumezkoen elite, gizonezkoen promesa eta gizonezkoen elite mailakoak. Garaileak Miriam Arraiza eta Enara Gambide, Unax Ramirezek eta Ugaitz Apeztegia eta Oihan Etxeberriak eta Unax Apeztegia izan ziren, hurrenez hurren.
Goizeko lehen txapelak Miriam Arraizak eta Enara Gamindek jantzi zituzten, Laia Salsamendi eta Naroa Agirre 22-16 mendean hartuta. Arraizak eta Gamindek indartsu ekin zioten partidari eta berehala zabaldu zuten aldea markagailuan, 12-2 aurreratuz. Salsamendik eta Agirrek, ordea, ez zuten amore eman eta neurketan sartzea lortu zuten, 13-10era hurbilduz. Une erabakigarrietan, ordea, bikote gorriak ondo erantzun zuen, eta, azkenean, 22-16eko emaitzarekin iritsi ziren amaierara.
Promesa mailako finala izan zen norgehiagoka parekatuena. Unax Ramirezek eta Ugaitz Apeztegiak lortu zuten txapela Ibon Ibarra eta Alvaro Canseco 22-18 gaindituta. Ibarra eta Canseco hobeto hasi ziren, jokoari abiadura handia emanez eta lehen zatian ekimena hartuz. Pixkanaka, ordea, Ramirez eta Apeztegia euren maila igotzen joan ziren eta partida orekatzea lortu zuten. Finala erritmo handian jokatu zuten eta berdintasuna azken txanpara arte mantendu zen. 18-18ko berdinketaren ondoren, edozein xehetasunek erabaki zezakeen txapela. Une horretan, Ramirezek eta Apeztegiak sendotasun handia erakutsi zuten eta azken lau tantoak jarraian egin zituzten, partida 22-18 amaituz.
Elitean, berriz, Oihan Etxeberriak eta Unax Apeztegiak 22-10 irabazi diete Eñaut Lizeagari eta Asier Balerdiri. Partidaren lehen zatia parekatua izan zen. Lizeaga eta Balerdi 9-7 aurretik jartzera iritsi dira eta, ondoren, markagailuak 10-10eko berdinketa erakutsi du. Une horretatik aurrera, ordea, finala erabat aldatu zen. Etxeberriak eta Apeztegiak abiada gehitu zioten partidari eta hamabi tanto jarraian egin zituzte. Etxeberriak gero eta aukera gehiago aurkitu zituen erasoan, eta Apeztegiak lan bikaina egin zuen defentsan. 10-10etik aurrerako 12-0eko partzialak 22-10eko azken emaitza ekarri zuen, eta Etxeberriak eta Apeztegiak elite mailako txapela jantzi zuten.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastianek egindako argazki bilduma:

