Udalak 440.000 euro bideratuko ditu euskara ikastea bultzatzeko
Aniol Ekai, kanpainiako argazkian.Donostiako Udala Bihar hasiko da 2026-2027 ikasturtean euskara ikasi ahal izateko hiriko zentro eta euskaltegi homologatuetan izena emateko epea. Azken urteetan bezala, udalak #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri du martxan aurten ere; oraingoan Aniol Ekai madrildarraren laguntza du kanpainiak, euskara ikasten ari den eta Munduko CrossFit Txapelketan laugarren izandakoa den kirolariarena.
Ikastaroen artean hainbat mota daude: astean maiztasun eta ordu gutxiko ikastaroetatik eguneko 3 eta 5 orduko ikastaro intentsiboetaraino. Aurrez aurreko ohiko klaseez gain, online ikastaroak eskaintzen jarraituko dute euskaltegiek, hala ikasle bakoitzak bere kasa antola dezake ikastaroa.
Xede berezia duten ikastaroak ere eskaintzen dituzte euskaltegiek eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean: merkatarientzako eta ostalarientzako, gurasoentzako, erretiratuentzako, etorkinentzako, gazteentzako…
Diru laguntzak
Ikastaro arruntetarako 305.000 euro bideratuko ditu Donostiako Udalak eta beste 135.000 xede bereziko ikastaroentzako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, HABEk, euskara ikasteko bono berri bat eskainiko die ikasleei: 120 euro ordainduz denbora luzez euskara ikasi ahal izango dute A0 mailatik A2A2ra artean, guztira 10 urtez.
Udalak gogorarazi du maila guztiak diruz laguntzen jarraituko duela, “baldin eta ikasleak azpimaila bat gainditzen badu eta asistentzia, gutxienez, %75ekoa izan bada”. Diru laguntza eskatzeko honakoa bete beharko du interesa duenak: Donostian erroldatuta egotea edo egoitza soziala Donostian duen entitate edo enpresa batean lan egitea. Jasotzeko, beste honako hauek: Euskaltegi edo bestelako zentro homologatu batean matrikulatuta egotea, eskabidea beteta ezarritako epean aurkeztea, ikasturte amaieran azpi maila bat gainditzea eta %75eko asistentzia egiaztatzea.
Gainera, diru laguntza hauek ikasleek jaso ditzazketen beste zenbait diru laguntzekin bateragarria da.
2025-2026 ikasturtean udako ikastaroetan aritu direnek irailaren 30a arte dute diru laguntzak eskatzeko epea. Datorren ikasturteari begira, 2026-2027 ikasturtea, diru laguntza eskatu nahi dutenek maiatzaren 31a arte izango dute eskaria egiteko tartea. Eskaera egiteko aukera egongo da www.donostia.eus webgunean, Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Plaza Berria, 2) edo Udalinforen bulegoetan (Easo, Arroka, Morlans eta Altza).

