Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du Naomi Wattsek
Naomi Watts aktorea.Iñaki Pardo / Zinemaldia Ate joka dugu Donostiako 74. Zinemaldia (irailak 18-26), eta jaialdiak iragarri berri du Naomi Watts aktore eta ekoizleak Donostia Saria jasoko duela aurten. Irailaren 19an jasoko du saria, Kursaalean egingo duten gala batean. Wattsek The Housewife filma aurkeztuko du gala horretan, Ben Shirinian kanadarrak zuzendutako lehen film luzea. Naomi Watts, Tye Sheridan, Luke Evans, Michael Imperioli eta Lena Olin ditu protagonista 1964an girotutako eta benetako gertakari batean oinarritutako film horrek; kazetari gazte baten historia kontatzen du lanak, protagonistak ustezko nazi bat New Yorken ezkutatuta bizi dela jakin eta susmagarri nagusiaren emazte maitagarriaren adiskide egingo da.
“Wattsek egile zinemako obrak eta ekoizpen handiak konbinatzen ditu bere jardunean, nola telebistan hala zineman. Bi aldiz izan da Oscar sarietarako izendatua: Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 grams (2003) filmean gauzatutako lanagatik eta J. A. Bayonaren The Impossible (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2012) filmean egindako rolagatik”, nabarmendu du Zinemaldiak.
Nazioarteko ospea David Lynchen Mulholland Drive (2001) filmarekin Wattsi, “zinema garaikidearen erreferentetzat” jotzen baita lan hori, jaialdiak gogorarazi duenez. Horrez gain, Peter Jackson, David Cronenberg, Clint Eastwood, Michael Haneke, Audrey Diwan, Noah Baumbach eta Rodrigo Garcia zinemagileekin lan egin du Wattsek. Hain zuzen ere, Watts eta Garcia 2009an egon ziren Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialari amaiera ematen, lehiaz kanpo, Mother & Child filmarekin.
Galetarako sarrerak, asteartean
Donostia Saria iragartzearekin batera, Zinemaldiak iragarri du bihar, irailaren 1ean jarriko dituela salgai inaugurazio eta amaiera ekitaldietarako sarrerak —Werner Herzogek Donostia Saria jasoko du inaugurazioan—, baita Naomi Wattsen Donostia Sariaren galarako sarrerak ere. Hiru saio horiek Kursaalean izango dira, eta belodromoak amaierako galaren zuzeneko emanaldia hartuko du, Sail Ofizialari eta Perlak Sailari amaiera emateko filmak ere proiektatuko diren saio batean.
Sarrerak 10:00etan jarriko dituzte salgai, Donostia Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez. Kursaaleko inaugurazioko eta amaierako galetarako sarrerek 80 euroko prezioa izango dute. Bestalde, Naomi Wattsi Donostia Saria emateko ekitaldietarako sarrerek 50 euroko prezioa izango dute gune orokorretan eta 55 eurokoa B gunean.

