Musika Hamabostaldiak sei aldiz bete du Kursaala
Jaialdiaren balorazio ona egin du Musika Hamabostaldiak, baita hurrengo urterako aurrerapen bat egin ere: Xabier Anduaga tenore donostiarra itzuliko da.
Donostiako Musika Hamabostaldia. Bukatu da Donostiako 87. Musika Hamabostaldia, eta jaialdiaren aurtengo zenbait datu nabarmendu dituzte antolatzaileek. Azaldu dutenez, guztira, 68 ekitaldi egin dituzte, horietatik 29 doakoak, eta 30.655 pertsona bertaratu dira horietara; orotara, 906.767 euro bildu dituzte leihatiletan. Bestalde, Hamabostaldiak nabarmendu du Kursaal Auditorioan egin dituzten bederatzi kontzertuetatik sei “erabat” bete direla, eta zikloak 15.013 pertsona bildu dituela, %92,36eko okupazioa lortuta —iaz baino hamar puntu gehiago—.
Kursaala, hain zuzen ere, kontzertu hauetan bete zen: Juan Diego Florez; Mahler Chamber, Daniel Harding eta Daniil Trifonov, Berliozen Requiema; Seulgo Orkestra Filarmonikoa, Jaap van Zweden eta Easo Abesbatza eta Milango Scalako Orkestra Filarmonikoaren eta Riccardo Chaillyren hitzordu bikoitza, Julia Hagenekin eta Donostiako Orfeoiarekin.
Horiez gain, “Natxo de Feliperen musika eszenara itzulera” goraipatu du jaialdiak: “Arantzazuko Santutegian emandako kontzertuarekin; eta haurrentzako Zomozorroak kontzertu pedagogiko dramatizatuaren estreinaldia; baita Tabakalerako kokapen berrian Musika Garaikideko Zikloari publikoak egindako harrera ona eta beste ziklo batzuen okupazio maila ere, izan ere San Telmoko emanaldiena %100 izan zen ia”.
Ignacio Arakistain organo jotzaileak, urteroko legez, Hamabostaldiko hainbat emanaldiren kronika mamitsuak ondu ditu jaialdian zehar IRUTXULOKO HITZArentzat, eta hemen aurkituko dituzue guztiak.
Xabier Anduaga, 2027an
Aurrera begira ere jarri da Donostiako Musika Hamabostaldia eta aurreratu du Xabier Anduaga tenore donostiarra, aurtengo San Sebastian egunean Urrezko Danborra jaso zuena, 2027an itzuliko dela jaialdira, bere 88. aldian: “Jaialdian opera formatuan (2022) eta errezitalean (2025) aritu ondoren, Xabier Anduaga donostiar tenorra, bere ibilbidean geldiezin, uneko tenor nabarmenetakoa bihurtuta (New Yorkeko Metropolitan Opera, Gran Teatre del Liceu, Bayerische Staatsoper, Teatro Real Madrid, Wiener Staatsoper, Parisko Opéra, Royal Opera House, Deutsche Oper Berlin…), Hamabostaldira itzuliko da kontzertu sinfoniko batean parte hartzeko”.
Beste aurrerapen batzuk ere egin dituzte antolatzaileek: “Anne-Sophie Mutter biolinista ikonikoa, eta Hamabostaldiko entzuleen horren gustukoa, Kursaal Auditoriora itzuliko da, azken bisita egin eta lau urtera, errezital bat emateko”.
Horrez gain, azaldu dute Jaap van Zweden Radio Franceko Orkestra Filarmonikoarekin itzuliko dela Donostiara hurrengo urtean. Azkenik, “Europako dantza konpainia entzutetsu batekin lanean ari gara, ballet ekoizpen bat jaialdira ekartzeko, bere kontzepzio klasikoenean, zuzeneko musika izango duena, orkestra batek zulogunetik interpretatua”, gaineratu dute.

