Aurrez aurre mobilizatu dira Alderdi Ederren, Ceutako egoeraren harira
Bi mobilizazioak aurrez aurre egon dira, Ertzaintzak banatuta.Joseba Parron San Sebastian Ehunka pertsona mobilizatu dira asteazken iluntzean Donostian, Alderdi Ederren, Ceutako egoeraren harira. Oso bestelakoak ziren, ordea, alde batekoak eta bestekoak mobilizatzeko arrazoiak. Nabarmentzekoa da Ertzaintzaren presentzia oso handia egon dela elkarretaratzeek iraun duten bitartean.

Vascos Constitucionalistas taldeak antolatutako mobilizazioa, Alderdi Ederren.Joseba Parron San Sebastian
Izan ere, Vascos Constitucionalistas izeneko taldeak antolatuta, udaletxearen aurrean elkarretaratu dira hamarnaka pertsona, Espainiako bandera ugarirekin eta “Marruecos invasor” eta “Ceuta no se vende” aldarrikapenak oihukatuz, besteak beste. Mobilizazio hori, Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan egin dituztenekin gertatu den moduan, Lo Que No Te Cuentan De Donostiren moduko zenbait talde ultraeskuindar eta erreakzionarioek babestu dute, baita Donostiako PPk eta Gipuzkoako Voxek ere, besteak beste.
Hori dela eta, faxismoari eta arrazismoari aurre egiteko, kontramobilizazioa egin dute hamarnaka herritarrek Alderdi Ederren bertan, beste elkarretaratzearen aurrean. “Zuek, faxistak, zarete terroristak!” izan da aldarrikapen nagusia, eta bertan egon dira beste mobilizazioa amaitu den arte.
Ertzaintza une oro egon da bi elkarretaratzeen artean, eta tentsio une batzuk bizi izan badira ere, ez da aparteko iskanbila edo istilurik gertatu.



