Hamar urteko ibilbidea osatuta, abesti onenen biniloa argitaratu du Big Bob Railroad bikoteak
Big Bob Railroad blues bikotearen binilo berria.Big Bob Railroad Hamar urteko ibilbidea osatu du dagoeneko Big Bob Railroad blues bikote donostiarrak: “Pasatu dira jada hamar urte Big Bob lagunaren trena martxan jarri zenetik. Bidean zehar, lau grabaketa, hainbat kontzertu eta abentura mordoa trenbidean barrena”, azaldu dute sare sozialetan. Urteurren borobila ospatzeko, disko bat argitaratu dute, binilo formatuan.
Hain zuzen ere, “ibilbidean sortutako bederatzi abesti birnahastu ditugu binilo koloretsu hau ateratzeko!”, nabarmendu du bikoteak. Bluesa euskaraz egiten du Big Bob Railroadek, bluesaren klasikoen bertsio batzuk jotzearekin batera. Horrela, taldeak kaleratu berri duen diskoan Mugi Gaitezen, Landare O, Begiraden, Orbanak, Ero Zoragarria, Itxoiten, Denbora Ez Da Gelditzen, Goin’ Down To The River eta Larrutik piezak birnahastu ditu.
Lana plataforma digital nagusietan dago entzungai, hala nola Bandcampen, eta bikotearekin harremanetan jarrita edo zuzeneko emanaldietan erosi daiteke formatu fisikoan.
Bosgarren lana
Aitor Ibarguren gitarra eta perkusio jotzaileak eta Josu Etxeberria perkusio jotzaile eta abeslariak 2016an sortutako taldea da Big Bob Railroad, eta Mississippi ibaiko (AEB) deltako blues estiloa jotzen du bikoteak, euskarazko euren ukitu propioa emanez. 2018an argitaratu zuten euren lehenengo diskoa, Session I; 2019an bigarrena, Session II; 2021ean hirugarrena, 1, 2, Swamp! eta 2025ean laugarrena, IV.

