#Kontxa100ek hamargarren urteurrena ospatuko du aurten
'Ciaboga' aldizkariaren hamargarren alearen aurkezpena.Maddi Viana Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek hamar urtez egin dute elkarlanean Ciaboga aldizkaria eta aurtengo aleak 1926ko Kontxako Banderan gertatutako hainbat bitxikeri jasoko ditu. #Kontxa100 proiektuaren aurtengo aldizkariaren aurkezpenean egon dira Jon Insausti alkatea, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol saileko diputatua, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoa eta Alejandro Larrode.
Aldizkariak duela 100 urteko Kontxako Bandera ikertzea eta zabaltzea du xede, eta Alberdik adierazi duenez “gure itsas historiaren eta ondarearen ikuspegitik benetan esanguratsuak diren eta gogoangarriak diren gertakariz beteta” dago. 1926an gertatutakoak jaso dituzte aurten eta besteak beste Francisco Zubiaurre “Kiriko” patroi donostiarraren heriotza, Francisco Laboa “Matxet” patroia sanjuandar traineruaren buru izan zela eta Ondarroak Kontxako Bandera irabazi zuela.
Bestetik, Arraun Astea izendatutako jarduera programa aurkeztu dute Euskal Itsas Museoak eta Aquariumak, honako jarduerekin:
- Kontxako patroi handiak erakusketa Euskal Itsas Museoaren ganberan. Irailaren 2tik urriaren 4ra egongo da ikusgai. Erakusketan aurretik aipatutako “Kiriko” edo Aita Manuel bezalako figura historikoetatik hasita gaur egungo patroietaraino, “arraunaren bilakaera eta protagonistak ezagutzeko aukera eskainiko dute argazki eta objektu historikoen bidez”.
- Iñaki Iturainen Territorio remero. Orioko arraunaren historia liburuaren aurkezpena egingo da Aquariumeko auditorioan, hilak 10ean, osteguna, 19:00etan. Gazteleraz izango da eta sarrera doakoa da.
- Azken balea familientzako tailerra. Euskal balezaleen tradizioari eta “gure itsas ondarean izan duen garrantziari” buruzko azalpen labur baten ondoren, itzal antzerki tailer bat egitengo dute, haurrek ondoren antzerkia eginez. Hilaren 12an izango da, 11:30ean, Aquariumean. Doakoa izango da.
- Estropadak leihotik egingo dute bosgarrenez, Euskal Itsas Museoak ateak irekiko ditu, eta zortzi euroren truke, Kontxako Bandera museotik ikusteko aukera egongo da. Kofradia Itsas Etxearen eskutik prestatutako hamaiketakoa emango dute. Bi jarduera egongo dira, hilak 6an eta 13an, 10:30ean. Plaza kopurua mugatua da eta erreserbak Euskal Itsas Museoaren webgunean egin behar dira.
- Azkenik, Ciaboga aldizkaria El Diario Vasco egunkariarekin batera banatuko da hilak 12an, larunbata, eta bestela Euskal Itsas Museoaren webgunean eskuratu ahal izango da PDF formatuan.

