Donostiako eraikin pribatuetako «sinbologia frankista guztia» kendu du udalak
Donostiako Udalak hiriko eraikin pribatuetatik kendutako hainbat plaka frankista.Donostiako Udala Donostiako Udalak, Giza Eskubideen arloaren bidez, hiriko sinbologia frankistaren inguruko katalogoan kendu gabe gelditzen ziren azken elementuak erretiratu zituen joan den astean, hala nola Falangearen ikurra zuten plakak.
Udalak gogorarazi duenez, 2013an hasi zen Giza Eskubideen arloa hiriko sinbologia frankista kentzeko lanean: “Horretarako, herritarrei dei egin zitzaien eraikin publiko eta pribatuetan ikur frankista horiek identifikatzeko”. “2015ean, plakak non ziren eta zein ezaugarri zituen katalogoa publikatu zen eta gutun baten bidez atari horietako bizilagunei, udalaren lankidetzarekin, plaka ezabatzeko baimena eskatu zitzaien”, gaineratu du udalak.
Iaz, katalogoa berritu, eta hirian kendu gabeko “sei plaka” geratzen zirela egiaztatu zuen Giza Eskubideen Sailak. Hain zuzen ere, Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak katalogoa berritu behar zela azaldu zuen iazko ekainean, Urgulleko Jesusen Bihotza eskultura “erregimen frankista goraipatzeko” sinboloa dela ebaztearekin batera.
Horrela, “Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legeari jarraiki, espazio publikoetan proiekzioa duten eraikin pribatuei atxikitako frankismoaren elementu eta ikur horiek kentzeko saiakera berri bati ekin zitzaion”, udalak azaldu duenez. Sinbolo frankistak zituzten sei eraikin horietako bizilagunekin harremanetan jarri ziren udal ordezkariak, eta “haien baimena jaso ondoren, plakak kentzeko prozedurari ekin zitzaion”. Joan den astean kendu zituzten plaka horiek.
Hala ere, udalak ez du baztertzen oraindik plaka frankista gehiago agertzea hiriko eraikinetan: “Bilaketa eta informazio lan guzti hori, herritarren laguntzarekin egin da, eta ez da baztertzen beste plakaren bat agertzea; beraz, espero dugu, kasu honetan, herritarrek lehenago egin zuten bezala, berriro ere horren berri ematea”.

