Gnat Zinemak natura ezagutu eta ulertzeko sei proposamen dakartza
Aurtengo Gnat Zinemaren aurkezpena.Gipuzkoako Foru Aldundia Gizakien eta naturaren arteko harremana ardatz duen Gnat Zinema jaialdia hilaren 7tik 12ra luzatuko da. Zazpigarren aldiz aurrera eramango dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak antolatutako jaialdia, aurten, Donostia eta Tolosan egingo dituzte emanaldiak. Zehazki, lehen lau saioak, astelehenetik ostegunera, Kursaalen edo Aquariumean gauzatuko dituzte, eta azken biak, berriz, TOPIC zentroan.
Gemma Gonzalez Martinez euskal zuzendari eta gidoilariaren Las Hijas del Mar filmaren estreinaldiak martxan jarriko du egitasmoa. Egilearen lehen film luze dokumentalak euskal kostaldeko emakumeen eta Hego Koreako Jeju uharteko haenyeo-en arteko lotura egiten du; urpekari horien bizitza eta lana itsasoari hertsiki lotuta daude.
Astelehenean, hilak 7, Kursaalen egingo duten saiora ordezkaritza bat etorriko da Koreatik, Son Choonsook eta Ko Myunghyo haenyeoek, Lee Mijin zuzendarikideak eta Stella Kang interpreteak osatua. Bertan izango dira ere, zuzendariarekin batera, Maider Perez arraunlaria eta Izaskun Suberbiola, Mater-eko zuzendaria. Proiekzioaren ondoren, Gonzalezekin eta protagonistekin solasaldia egingo dute. Sarrerak jada agortuta daude.
Hiriko gainerako emanaldiei dagokienez:
Asteartean, David Allenen Wilding: El regreso de la naturaleza lana ikusgai izango da Kursaalean. sabella Tree-ren bestseller batean oinarrituta dago filma, eta 400 urteko finka bateko nekazaritza lurrak naturari itzultzea erabakitzen duen bikote gazte baten esperientzia kontatzen du. Hesiak kendu eta prozesu naturaletan konfiantza jartzen dute lurrak leheneratzeko. Saioak, gainera, ikus-entzunezko komunikazioari buruzko topaketa bat izango du Oskar Alegria zinemagile eta idazlearekin.
Asteazkeneko saioa, aldiz, Aquariumen aurrera eramango dute. Bertan, Lexeia Larrañagaren Vida entre dos mundos filma eskainiko dute. Lur ets itsasoaren arteko mugan dauden ekosistemen aparteko aniztasuna erakusten du. Marearteko eremuak, alga-belardiak, estuarioak, dunak, itsaslabarrak eta ur sakonak habitat-mosaiko baten parte dira, eta aldaketek espezieak egokitzera behartzen dituzte. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da egileekin. Bertan izango dira, besteak beste, Lexeia Larrañaga zuzendari eta gidoilaria, Alex Gutiérrez ekoizle, argazki-zuzendari eta kamera, eta Enrique Talledo urpeko kameralaria.
Hiriko azken emanaldia ostegunekoa izango da, hori ere Kursaalean. Nicolas Brownen Blue Carbon lanarekin, kostaldeko ekosistemek karbono dioxidoa atzeman eta biltegiratzeko orduan duten zereginaren berri izango dute ikusleek. Lanak zientzia eta musika uztartzen ditu, kostaldeko ekosistemek karbono dioxidoa harrapatu eta biltegiratzeko duten garrantzia erakusteko. Estatu Batuetan, Senegalen, Vietnamen, Frantzian, Kolonbian eta Brasilen filmatu da dokumentala. Protagonista Jayda Guy DJ, musika-ekoizle eta itsas biologoa da, eta musika RZAk, Wu-Tang Clan taldeko kideak, egin du; Seu Jorge musikari brasildarrak ere parte hartu du. Saioaren ondoren, karbono urdineko ekosistemetan adituak diren pertsonekin solasaldia egingo da, tartean, AZTIko ikertzaileekin.
Saio guztiak doakoak badira ere Kursaaleko emanaldietarako sarrerak eskuratu beharko dira leihatilan edo webgunean. Aquariumekoan, aldiz, sarrera librea da, edukiera bete arte.

