Realak harrotasunez esan dio agur Txapeldunen Ligari
Realeko jokalari batzuk, Chelsearen aurkako partidaren ondoren zaleei eskerrak ematen.Reala Ezinezkoari aurre egin behar zion Realak atzo iluntzean Zubietan, eta ezin izan zuen balentria osatu. Hain zuzen ere, Txapeldunen Ligako atarikoaren itzulerakoa jokatu zuen Realak Chelsearen aurka, eta Londresen jasotako 5-2-ko porrotari buelta ematea zen erronka. 0-1 galdu zuen, aldiz, talde txuri-urdinak Zubietan, eta Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu da, 6-2-ko markagailu orokorrarekin. Alde handia dago bi taldeen artean, baina donostiarrek harrotasunez eta burua altxatuta esan zioten agur kluben arteko Europako futbol txapelketa gorenari.
Izan ere, talde ingelesari aurre egiteko eta norgehiagoka parez pare lehiatzeko gai izan ziren txuri-urdinak. Golik egitea lortu ez bazuten ere, saiatu, saiatu ziren, hasieratik bukaerara. 54. minutuan iritsi zen neurketako gol bakarra, ordea, Chelseako jokalari Walshek, korner baten ondoren entseatutako jokaldia osatu, eta area kanpotik jaurtiketa bikain bat egin ostean.
Realak ez zuen etsi, baina ezin izan zion markagailuari buelta eman eta, noski, ezta kanporaketari ere. Horrela, Reala Europa kopan lehiatuko da orain, kluben arteko Europako bigarren txapelketa nagusian.

