Zer plan asteburu honetan Donostian?
Sagardoaren Eguneko topa, Plaza Berrian, artxiboko irudi batean.Asier Gonzalez de San Pedro Zer plan duzu asteburu honetan Donostian? Jakin badakizu igande goizean Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia jokatuko dutela badian, eta, beraz, jai giroa egongo dela egun osoan zehar Parte Zaharrean, baina, hortik harago, bestelako planik ere egin dezakezu asteburuan zehar Donostian. Hain zuzen ere, ez ahaztu Añorga Txikiko eta Txomiñeneko jaiak ospatuko dituztela ostiraletik igandera; hemen dituzue egitarauak. Bestetik, gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzue, eta egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian.
Ostiralean (hilak 4), musika beltza gustuko dutenentzako proposamen berezia: The Half Nelsons taldeak joko du Aieteko parkeko kafetegiko terrazan, 18:00etan, doako sarrerarekin.
Larunbatean (hilak 5), Parte Zaharreko Plaza Berrira joatea gomendatzen dizugu, izan ere, Sagardo Eguna ospatuko dute bertan, 11:00etatik aurrera. Askotariko sagardoak dastatzeko aukera, bertso saio bat eta, oro har, jai giroa egongo da bertan. Urteroko legez, Euskal Jaien bueltan antolatu dute Sagardo Eguna.
Iganderako (hilak 6), beste musika proposamen bat: Anargotan jazz taldea zuzenean arituko da Altxerrin, 20:00etan. Sarrerak han daude salgai, 5 euroan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere proposatuko dizugu: Maria Elena Arizmendi Amiel ikerlari eta koreografo donostiarraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Faustino Aranzabalek eta Jon Baguesek, Xabier Mendizabalek gidatuta, San Telmo museoan, asteartean (hilak8), 19:00etan. Sarrera doakoa izango da.

