Askotariko jarduerekin datoz Jolastokietako jaiak, 40. urteurrenean
Heldu, gazte eta, bereziki, haurrentzako jarduera ugari prestatu dituzte aurten ere Altzako Jolastokieta auzunean, baita egitarauan berritasun batzuk sartu ere. Auzotarrak «ilusioz» eta «gogoz» daudela ziurtatu du jai batzordeko kide Miguel Angel Diezek.
2025eko Jolastokietako jaietako holi txupinazoa. Asier Gonzalez de San Pedro Egitarauan garrantzi berezirik eman ez badiote ere, urteurren berezia dute ospatzeko Jolastokietan, Altzako auzune horretako jaiek 40 urte beteko baitituzte aurten. Hilaren 7tik 13ra ospatuko dituzte Jolastokietako jaiak, eta auzotarrek ez dute aspertzeko astirik edukiko. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
40 urte horiek jaien antolaketan murgilduta daramatzan Miguel Angel Diez batzordeko kide eta jaien «alma materrak» aurtengo egitarauaren nondik norakoak xehatu ditu: «Aurten, berritasun nagusi gisa, Iruñeko Goxo txaranga feministarekin egingo dugu ostiraleko ohiko pregoi kontzertua», nabarmendu du.
Ez da hori, ordea, berritasun bakarra: ostiraleko txupinazoaren osteko Herrerako musika eskolako musikarien kontzertua, larunbat eguerdiko euskal dantzen berreskuratzea, larunbat arratsaldean Pasai txarangaren erritmora egingo duten kalejira eta igande goizean haurrek askotariko orrazkerak ikus eta ikas ditzaten prestatu duten Orrazkera zoroa egitasmoa ere aurtengo berritasunen artean daude, hain zuzen ere.
Larunbata haurrentzako gordetzen dute urtero, izan ere, haur asko daude Jolastokietan, eta txikitatik murgildu nahi dituzte jai giroan
Larunbata, haurrentzat
Diezek nabarmendu du jaietako larunbata haurrentzako gordetzen dutela urtero, «beraientzat prestatzen ditugu jarduera guztiak edo gehienak». Izan ere, haur asko daude Jolastokietan, eta horiek txikitatik murgildu nahi dituzte jai giroan: «Etxebizitza berriak eraiki direnez azken urteotan inguruan, haur eta gaztetxo asko daude auzoan, eta horietako asko etortzen dira jaietara».
Horrez gain, larunbatean gazte eta helduentzako jarduerak ere badauden moduan, beste egunetan ere badaude haurrentzako egitasmoak. Ildo horretatik, igandeko Jolas Chef jarduera nabarmendu du Diezek: «Iaz egin genuen lehenengo aldiz, eta arrakasta handia eduki zuenez, aurten ere egingo dugu. Haurrek etxetik ekarriko dute postre bat, eta guk apaintzeko askotariko produktuak jarriko dizkiegu, bakoitzak nahieran aurkeztu dezan berea».
Gazte eta helduentzako jardueren artean, gaueko kontzertu eta DJ emanaldiak eta igandeko paella jana nabarmendu ditu Diezek: «Jende asko erakartzen dute urtero». Aurten ere hala izatea espero dute jai batzordeko kideek, izan ere, auzoa «gogo eta ilusio handiz» ikusten du Diezek jaiei begira: «Jendeak asteak daramatza galdetzen noiz diren aurtengo jaiak, egun horiek gorde, auzoan gelditu eta jaiez gozatzeko».

