Aukerak bai, golik ez
Gonzalo Guedes atzoko partidako une batean.Real Sociedad Realak eta Celtak golik gabe (0-0) berdindu zuten atzo gauean jokatutako norgehiagokan. Ligako seigarren jardunaldiko partida aurreratuan, bi taldeak ate aurrean asmatu ezinik aritu ziren, nahiz eta Reala nagusi izan.
Realak partida menderatu eta markagailuan aurre hartzeko aukera izan zuen lehen hamar minutuak pasata, Barrenetxeak ateratako korner batean. Aranbururi eman zion baloia, eta honek egindako erdiraketa Jon Martinek buruz errematatu zuen, baina Radu atezainak gelditu zuen.
Aukera garbiena, hala ere, hamar minutu geroago izan zuten txuri-urdinek. Oskarssonek Celtako defentsari aurre egin eta Oyarzabali eman zion baloia; eibartarrak egindako jaurtiketa oso indartsua izan zen, baina galiziarren atezainak aldaratu egin zuen. Aldaratze horretan, Kubok boleaz baloia langa gainera bota zuen. Lehen ordu erdia pasata, Yangel Herrerak areaz kanpotik egindako jaurtiketa Raduk kornerrera bidali zuen.
Bigarren zatia antzera hasi zen: Realak jokoa menderatu zuen eta aukerak sortu zituen. Polemikarako tartea ere izan zen. Álvaro Núñezek baloia galdu zuen area barruan Oyarzabalen aurrean, eta Celtako jokalariak kapitain txuri-urdinari heldu zion, eroraraziz. Penaltia eskatu zuen Oyarzabalek, baina epaileak ez zuen adierazi.
Partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean, Realeko atezainak arrisku argiko egoera bat salbatu zuen. Aspasek penalti puntutik egindako jaurtiketa gelditu zuen Remirok. Horren ondoren, Realak oraindik ere beste aukera bat izan zuen. Guedesek jaso zuen baloia eskuin hegalean, eta aurkariak saihestuta egindako jaurtiketa gurutzatua kanpora joan zen gutxigatik.

