Bi urteko zigorra ezarri diote gidatzen ari zela sakelakoa begiratu eta oinezko bat harrapatu zuen gidariari
Donostiako epaitegiak, Egia auzoan. Donostiako osasun zentro batera lanera zihoan erizain bat harrapatu zuen gizona bi urteko espetxe zigorra eta biktimari kalte ordaina ematera zigortu dute, gainera, hiru urte eta zortzi hilabetez ibilgailu motordunak gidatzeko debekua ezarri diote.
Donostiako Auzitegi Penalak ebatzi duen ezbeharra 2022ko irailean gertatu zen. Akusatua Miramongo zahar egoitza batera zihoan lanera. Aitortu duenez, sakelako telefonoarekin arreta galdu zuen, eta zebrabidea gurutzatzen ari zen erizaina harrapatu zuen.B iktimak ibilgailuaren aurreko kristalaren aurka jo zuen, sabaiaren gainean bira eman eta galtzadara erori zen, zebrabidetik hamar bat metrora. Gidariak aurrera jarraitu zuen, laguntzeko gelditu gabe, bere lantokiko aparkalekura iritsi arte. Bertan, autoak kalterik ote zuen egiaztatzen ari zela emakumezkoaren sakelako telefonoa autoaren kapotaren eta aurreko kristalaren artean trabatuta topatu zuen, eta sasi batzuen atzera jaurti zuen “harrapatzearekin lotu ez zezaten”. Kaltetuak traumatismo kraneoentzefalikoa eta polikontusioak jasan zituen, eta zainketa intentsiboetako zerbitzuan ingresatu zuten bere susperraldirako. Guztira, 176 egun behar izan zituen horretarako.
Ekainaren 30ean egindako epaiketan, Fiskaltzak hiru urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen, akusazio partikularrak aberriz sei urte. Epaiketan akusatuak kaltetuari eta haren senideei barkamena eskatu zien eta gertatutakoa aitortu zuen. Gainera, konpentsazio gisa eskatutako 24.000 euroen gehiena egun horren aurretik ordaindu zuen.
Epaia ez da irmoa, Gipuzkoako Auzitegian apelazio helegitea jar baitaiteke.

