Desira, debekugai
Urtean behin, hamabi orduz, sexua legezkoa da. Gainerako 364 egunetan, ez. Horixe da One Night Only filmaren abiapuntu bitxi eta, ustez, erakargarria. Will Gluckek, Easy A eta Anyone But You lanen zuzendariak, distopia politikoa eta komedia erromantikoa nahastu ditu zinemetan estreinatu berri duen lan berrian eta, saiakera oro eskertzekoa den arren, erakutsi du ideia on bat ez dela beti nahikoa film ona egiteko.
Bada, New York hiriko errealitate alternatibo batean kokatu du istorioa. Bertan, ezkongabeek urtean behin soilik izan dezakete sexu harremanik: hamabi orduko gau bakar batean. New Yorkeko ezkongabeak, beraz, urteko gau handirako prestatzen ari dira. Testuinguru horretan ezagutuko dute elkar Alliek (Monica Barbaro), amodioaren bila dabilen gazteak, eta Owenek (Callum Turner), bikotekideren azken uneko erabaki baten ondorioz atsekabeturik dagoen pizza sukaldariak, eta, komedia erromantikoaren arauei jarraituz, bien arteko harremanak espero ez bezalako norabidea hartuko du.
Premisak badu zer edo zer erakargarria. Etor dakiguke burua, esaterako, The Purgue (2013), non salbuespen juridiko batek irauli egiten dituen egun jakin bateko arauak. Mintzagai dudan hau, ordea, ez da satira politiko ausarta, eta indarkeria beharrean sexua jartzen du zuzendariak erdigunean. Hala, probestu zezakeen aukera, zer dakit nik, askatasunaz, gorputzaren kontrolaz, moralaz eta botere politikoaz hitz egiteko… Baina hori ere ez: askoz interesgarriagoa da proposamena bera, haren garapena baino.
Ez du distopia ilun baten moldean sartu. Kontrara, nahiago izan du komedia erromantiko koloretsua aurkeztu. Premisa ilunaren gainetik, argitasuna, umorea, erritmoa eta soinu banda bizia izan ditu osagai nagusiak, eta, zerbait nabarmentzekotan, aktore protagonistak dira filmaren alderik sendoena.
Egiaz, balio lezake arratsaldea pasatzeko entretenimendu gisara, gure espektatibak apur bat apaltzeko gai garen bitartean. Gehiegi ez eskatzea da gakoa, filmaren mundua pentsatzen hasten garenean hasten baitira arrakalak agertzen: Zer gizarte motak onartuko luke horrelako lege bat? Posible al da, benetan, sexua kontrolatzea? Zergatik ez dute hiritarrek sistema hori zalantzan jartzen?
Alperrik dira galderak, zuzendariari, filmari, ez baitzaio interesatzen horiek erantzutea. Ederra paradoxa, sexu askatasunari buruzkoa behar lukeen filmak komedia erromantikoaren molde kontserbadoreari egiten badio men…

