Hamasei traineru lehian eta bi bandera jokoan
Emakumezkoen sailkatze estropadako irudi bat.Joseba Parron San Sebastian Dena prest dago iganderako Kontxako Badian. Erabakita dago zein zortzi traineru lehiatuko diren gizonezkoetan eta zein zortzi emakumezkoetan, eta faboritoak argi badaude ere, denak lehiatu nahi dira modu bizian. Igande honetan (hilak 6) jokatuko dute lehenengo jardunaldia eta hurrengoan (hilak 13) bigarren jardunaldi erabakigarria. Bi jardunaldietan, 11:00etan hasiko da emakumezkoen estropada eta 12:00etan gizonezkoena. Hamasei traineruen artean, Donostiako hiru egongo dira: Donostiarra gizonezkoetan eta Donostiarra bera eta Donostia Arraun Lagunak emakumezkoetan.
Emakumezkoen Kontxako Bandera irabazteko faborito nagusia da, hain zuzen ere, Donostia Arraun Lagunak. Euskotren liga errekor guztiak hautsita irabazi ostean, bere bosgarren Kontxaren bila doa Martuteneko taldea —laugarrena izango litzateke jarraian—. Donostiarrari dagokionez, denboraldian erakutsitako maila kontuan izanik —zazpigarren gelditu da ligan—, ohorezko txandan sartzea izango da bere helburu nagusia igande honetan.
Hain justu, Lugañenea traineruarekin batera lehiatuko dira San Juan, Astillero, Tolosaldea, Orio, Hibaika, Donostiarra eta Zarautz, igande honetan txanda hauetan banatuta: Donostiarra, Zarautz, Hibaika eta Tolosaldea arituko dira lehenengo txandan, eta Orio, San Juan, Donostia Arraun Lagunak eta Astillero bigarrenean.
Gizonezkoetan, Donostiarra
Donostiarra da hiriko ordezkari bakarra gizonezkoen Kontxako Banderan. Ligan egiten ari den denboraldia ikusita, zaila dauka Torrekua II ontziak bandera irabazteagatik lehiatu ahal izateko, baina ziurra da dena ematera aterako direla badiako uretara. Lehenengo helburu gisa, bigarren igandeko ohorezko txandarako sailkatu nahi dute donostiarrek. Faborito nagusiak, aldiz, Orio (ligako liderra) eta Zierbena (sailkatze estropadako azkarrena eta ligako bigarrena) dira.
Igande honetako txandei dagokienez, lehenengoan ariko dira Donostiarra, Getaria, Orio eta Ondarroa. Bigarren txandan, aldiz, Hondarribia, Isuntza, Zierbena eta Urdaibai lehiatuko dira. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, kaleen zozketa igande goizean egingo dute.

