Iaz moduan, aurten ere garagardo propioa izango dute Aieteko jaietan
Kurtso hasierarekin batera, badatoz Aieteko jaiak. Aurreko urtean egun bat gehitu zioten egitarauari eta, izandako emaitza ona ikusita, horrela mantenduko dute: ostegunean hasiko dira jaiak.
Lide Marquet eta Beñat Badiola jaietako zapiarekin.Maddi Viana Aieteko jaiak indarrez datoz berriro ere, bi asteburutan banatutako egitarauarekin. Iaz, egun bat gehitu zioten egitarauari, eta, ondorioz, jaiak ostegunean hasi ziren, ostiralean beharrean. Ostiralean egiten zituzten hainbat jarduera ostegunera pasatuz, iaz lasaiago ibili zirela adierazi dute jai batzordeko kide Beñat Badiolak eta Lide Marquetek. Egitarau osoa hemen daukazue.
Hain zuzen ere, ostiralean izan ohi dira kontzertu potenteenak eta jai batzordea larriago ibiltzen zen denboraz, «hasi eta berehala topera ginen» azaldu du Marquetek. Pilatuago zeuden jarduerak banatuago egiteak jai hasiera arinagoa izatea ekarri zuen. Horregatik erabaki dute horrela mantentzea; beraz, aurten, ostegunean, hilak 10, izango da Aieteko jaietako txupinazoa.
Iaz arrakasta ederra izan zuen beste berrikuntza bat ere egon zen: garagardo propioa. Ale den-denak saldu zituzten eta aurten errepikatzea erabaki dute. Aurtengo garagardoak IPA ukitu handiagoa izango duela adierazi du Badiolak, eta botilaren etiketa desberdina izango dela azaldu du, hala, aurreko urteko botila edo etiketa gorde zuenak bilduma hasi dezake.
«Gertutasun horrek laguntzen du giro segurua izan dadin»
Auzo giroan
Aurreko urtean egindako beste berritasun bat eraso matxisten aurkako protokoloa izan zen. Aurten boluntarioekin ere landuko dute, txosna txandan dagoenak protokoloa ezagutu dezan. Hala ere, jai batzordeko kideek nabarmendu dute jai eremua txikia denez, barran dagoenak dena ikusten duela. Gainera, bertan ibiltzen diren gehienak auzokoak direla ere aipatu dute: «Gertutasun horrek laguntzen du giro segurua izan dadin».
Auzokoak dituzte Zumbonak ere, Marquet bera taldearen parte da, eta ostegunerako umeentzako saioa prestatu dute espresuki. Ohikoagoa baino motzagoa izango da, baina ez da taldeak egingo duen saio bakarra, larunbatean ere ibiliko dira eta, ohiko saioarekin.
Berritasun gehiago ere egongo dira aurten. Bigarren asteburuan, pilota eta bertsoak elkartuko dituzte Miramongo frontoian eta kamisetak ere egin dituzte. Larunbateako bazkariko tiketa erosten duenak, jaietako kamiseta opari izango du. Bazkaria jaietako kamisetaz betea ikusteko gogoz dagoela aitortu du bikoteak.
Larunbata izaten da auzotarrentzat egun potenteena. Bazkariaz gain, poteo musikatua ere egiten dute auzoan barrena, Badiolak gogoak dituela aipatu du. Ileordeak buruan, auzoa musikaz beteko dute gazteek.

