Restituto Teran Mendia, gerran hildako ANVko lehenengo militantea
Milaka izan ziren 36ko gerran hildako borrokalari antifaxistak, eta horietako bat izan zen Restituto Teran Mendia, EAE-ANVko lehenengoa. Fortuna klubeko mendizale ezaguna zen, eta zaletasun horrekin lotutako pasarteak dituzte bere bizitzak eta heriotzak.
Restituto Teran Mendia (goian, zutik), beste mendizale batzuekin, 1936aren bueltan. ‘Excelsius’ egunkaria (1936-08-21) / Bizkaiko Foru Aldundia Bilbon jaioa, haurra zela etorri zen Donostiara bizitzera Restituto Teran Mendia, bere familiarekin. Ez dago argi noiz jaio zen, baina bai bere ideologia abertzalea eta ezkertiarra zela eta izugarri gustuko zuela mendian ibiltzea, Eduardo Renobales historialariak (Zierbena, Bizkaia, 1956) Restituto Teran Mendia, una vida y un sacrificio olvidados lanean jasotako informazioaren arabera. Hain zuzen ere, EAE-ANV alderdi politiko historikoko kidea zen Teran, baita Fortuna kirol klubekoa ere.
Mendizaletasunari dagokionez, Fortunako «kide nabarmena» zen Teran, Renobalesen arabera: «Bere ibilbide mendizalean pertsonaia oso garrantzitsua bihurtu zen, eta denek gauza bera aipatzen dute, izaeraz jatorra zela eta jendearekiko hurbiltasuna zuela, baita enpatia handia ere».
Bitxikeria gisa, antza denez, Teranek sortu zuen Urteberri egunean Adarra mendira igotzeko ohitura, duela hamarkada asko ehunka gipuzkoarren urteroko tradizioa dena. Hain zuzen ere, Teranena da Urteberri egun batez Adarra igo izanaren lehenengo erreferentzia, 1928koa.
Teranek sortu zuen Urteberri egunean Adarra mendira igotzeko ohitura, duela hamarkada asko ehunka gipuzkoarren urteroko tradizioa dena
Ura eskatzeagatik eraila
Faxistek 1936ko uztailean estatu kolpea eman zutenean, EAE-ANVk Azpeitiko Loiola hotelean bildu zituen bere afiliatuak, baita bertatik Bidania-Goiatz aldera miliziano taldeak bidaltzen hasi ere, inguru hori Nafarroatik zetozen erreketeen aurrean defendatzeko. Mendi bideetatik joan behar ziren, ordea, eta, horretarako, bideak ondo ezagutzen zituzten milizianoak behar zituzten.
Horrela, miliziano talde horietako batekin Bidania-Goiatzerako bidea hartu zuen Teranek, 1936ko abuztuaren 10ean, Renobalesek bere lanean aipatu zuenez. Eguerdian, egiten zuen beroa zela eta, taldeak atsedena hartu zuen zuhaitz batzuen azpian, eta handik gertuko baserri batera joan zen Teran, bertan bizi zirenak ezagutzen zituela eta, ura eskatzera.
Teranek ez zekiena, ordea, baserria erreketeek hartuta zutela zen. Renobalesek jaso zuenez, kanpoaldetik ura eskatu bezain laster, atea ireki zuten faxistek, baita tiro egin ere. Tiro batek buruan jo zuen mendizale eta abertzale donostiarra, eta han hil zen. Hainbat hedabidek, hala nola Bilboko Excelsius-ek, Teranen hilketa deitoratu zuten hurrengo egunetan, galera handia izan baitzen, bereziki, mendizaleen artean.
EAE-ANVko lehenengo hildakoa izan zen Teran, eta faxistek gerran bidegabeki hildako milaka pertsonetako bat. Eta horietako askorekin gertatzen den moduan, bere gorpua desagertuta dago oraindik ere.

