Amara Berritik Donostia Ospitalera bitarteko oinezkoentzako bidea hobetzen hasiko dira
Donostia Ospitalera igotzeko bidea.Donostiako Udala Donostiako Udalak Begiristain Doktorearen pasealekua hobetzeko hirigintza lanei ekingo die aste honetan, Illunberen eta Donostia Ospitalearen arteko zatian. Lanen helburua da Amara Berritik ospitalera, eta alderantziz, joateko dagoen oinezkoen ibilbidearen baldintzak hobetzea. Lotura hori gero eta gehiago erabiltzen dute oinezkoek, eta egunero ematen die zerbitzua inguruko ekipamenduetako pazienteei, langileei eta erabiltzaileei.
Lan guztiak lau fasetan egingo dituzte. Lehenengo fasea asteartean hasiko da, eta bi toki hauen artean dagoen tartean egingo da: Tolosa jatetxearen (Begiristain Doktorearen pasealekua, 88) eta Donostia Ospitaleko Larrialdietarako sarbidearen parean dagoen oinezkoen lehen pasabidearen artean. Gutxi gorabehera, 200 metroko luzera du, eta 440 metro koadrotik gorako azalera.
Lehendik dagoen zoladura, Miranda legarrarekin egina, gaur egun hondatu samar dago, urte asko igaro direlako. Horregatik, erabat kenduko da, espaloi berri bat egiteko, kontserbazio, segurtasun eta erosotasun baldintza hobeak izango dituena, toki horretatik igarotzen direnentzat.
Argiteria sarea eta galtzadaren zintarria ere berrituko dira. Ondoren, hormigoizko lauza berri bat jarriko da, eta horren gainean San Sebastian modeloko baldosak jarriko dira, hiriko beste toki batzuetan erabilitako irizpideei jarraipena emanez.
Lehenengo jarduketa honetarako aurreikusitako epea bi hilabetekoa da, eta udalak 54.789,55 euro inbertituko ditu, BEZa barne. Bigarren fasea Begiristain doktorearen kaleko 88. zenbakiaren eta gasolindegiaren arteko tartean egingo da; hirugarrena, berriz, gasolindegitik Illunbe pareraino. Biak eskuinaldean, goranzko noranzkoan. Azkenik, laugarren fasea Txiskuene jatetxearen eta gasolindegiaren arteko oinezkoen ezkerreko tartean zentratuko da.
Erabilera handikoa
Udalak bereziki nabarmendu du esku hartzearen garrantzia, Begiristain Doktorearen pasealekuak betetzen duen funtzioagatik, ospitaleetara eta Miramonera oinez joateko bide nagusietako bat baita.
“Hiriarentzat garrantzi berezia duen ibilbide bat hobetzen jarraitu nahi dugu, zuzenean lotuta dagoelako gure ospitaleekin eta, egiaztatu dugunez, gero eta pertsona gehiagok egiten duelako ibilbide hori oinez. «Igoera hori gero eta erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izatea bermatu behar dugu”, adierazi du Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzaren arduradunak.
“Lehen fase hau, lau fasetan banatutako esku hartze zabalago baten parte da. Asmoa da ospitaleetara igotzeko espaloien berrikuntzan aurrera egitea, eta, pixkanaka oinezkoen ardatz hori guztia hobetzea”, gaineratu du.
Esku hartzearen ezaugarriak direla eta, eta lanak segurtasunez egiteko tokia behar denez, Donostia Ospitalera igotzeko erraietako batek afekzioak izango ditu obrek irauten duten bitartean. Udalak afekzioak seinaleztatuko ditu, eta behar diren neurriak hartuko, ahal dela lanen garapena eta inguruko ohiko zirkulazioa bateragarri egiteko.

