Insaustik Tecnalia bisitatu du: «Gure enpresetatik gertu egon nahi dut»
Jon Insausti alkateak Tecnaliaren instalazioak bisitatu ditu gaur, zentroak garatzen dituen proiektu eta ikerketa ildo batzuk bertatik bertara ezagutzeko. Azaldu duenez, ikasturte politiko berriaren hasieran “alkateak enpresetatik gertu egoteko, haien beharrak entzuteko eta Donostian jarduera ekonomikoa, berrikuntza eta enplegua sortzen laguntzen ari diren proiektuak zuzenean ezagutzeko ireki duen bilera sortaren parte da bisita”.
Insaustik adierazi du ehun ekonomikoarekiko hurbiltasun hori izango dela ikasturte berriaren lehentasunetako bat: “Gure enpresetatik gertu egon nahi dut, ekiten dutenengandik, ikertzen dutenengandik eta, batez ere, egunero lan egiten duten eta hiriko ekonomiak aurrera egitea eragiten duten milaka pertsonengandik gertu. Donostia indartsu eta etorkizuneko batek enpresa indartsuak, enplegu onak eta aurrera egiteko aukerak behar ditu”.
Tecnalia Euskal Herriko ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentrorik handiena da, Europan erreferente eta Basque Research and Technology Alliance erakundeko kide, 1.500 bat langilerekin.
Donostia, lurraldeko industriaren zerbitzura
Alkateak, halaber, Donostiak “tradizio industrial sakoneko lurraldearen hiriburu gisa” izan behar duen papera aldarrikatu du: “Gipuzkoak industria indartsua du, eta Donostiak ezagutza kontzentrazio aparta du. Bi gaitasun horiek konektatzea da aurrean dugun aukera handienetako bat. Hiriburu batek ere bere lidergoa betetzen du bere gaitasunak lurralde osoaren zerbitzura jartzen dituenean”.
Insaustik defendatu du “erakundeek benetako ekonomiatik gertu egon behar dutela”: “Hiri batek ez du aurrera egiten bere erakundeen erabakiengatik bakarrik. Aurrera egiten du egunero lan egiten, ekiten, ikertzen, arriskatzen eta beren proiektuak eta familiak aurrera ateratzen dituzten milaka pertsonari esker. Eguneroko ahalegin horrek errekonozimendua merezi du eta bere ondoan dauden erakundeak behar ditu”.
Insaustik “datozen urteetarako bultzatu nahi duen” hiri ereduaren barruan kokatu du ikuspegi hori: “Bizi kalitatea eta gizarte kohesioa ekonomia berritzaile, produktibo eta lehiakorrarekin uztartzeko gai den Donostia”.

