Jesus Maria Leizaola lehendakaria omendu du Eusko Jaurlaritzak, haren jaiotzaren 130. urteurrenean
Imanol Pradales lehendakaria (ezkerrean), Jesus Maria Leizaolari egindako omenaldian.Eusko Jaurlaritza 130 urte bete dira gaur, hilak 7, Jesus Maria Leizaola lehendakaria jaio zenetik (Donostia, 1896-1989), eta, urteurrenaren bueltan, omenaldia egin dio Eusko Jaurlaritzak Donostian, Euskadi plazan haren omenez dagoen eskulturan. Imanol Pradales egungo lehendakariak hartu du parte ekitaldian, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko hainbat ordezkarik ere.
Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenaren testuinguruan kokatu dute ekitaldia, “Leizaolaren ibilbidea eta erbestean Euskadiko erakundeen jarraipena ziurtatzeko egindako ekarpena balioetsiz”. Hain zuzen ere, Leizaola izan zen erbesteko Eusko Jaurlaritzaren burua, 1960tik 1979ra. Bai Agirrek eta bai Leizaolak, Pradalesen hitzetan, “demokraziaren, gizarte justiziaren eta euskal herriaren askatasunaren lekukoa eraman zuten”.
Militantzia eta erbestea
Leizaola 1896ko irailaren 7an jaio zen Donostian, eta EAJko militante nabarmenenetako bat izan zen bere garaian; hain justu, haren alderdikide Jose Antonio Agirre lehendakaria hil ostean, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren lidergoa bere gain hartu zuen. “Funtsezko irudia izan zen XX. mendeko euskal politikaren eta erakundeen historian”, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ekitaldian. Abokatua zen, eta 36ko gerran zehar, Justizia eta Kultura sailburua izan zen: “Atxilotuen duintasuna eta berme prozesalak defendatzeagatik nabarmendu zen, bai eta euskal unibertsitate publikoa bultzatzeagatik ere”, gogorarazi du Jaurlaritzak.
1937an, gerra testuinguruan, erbesteratu behar izan zen, eta 40 urtetik gora pasatu zituen etxetik kanpo, baina Eusko Jaurlaritza utzi gabe. 1979ko abenduan itzuli zen, 83 urterekin, “leialtasuna, konpromisoa eta euskal autogobernuaren defentsa ezaugarri izan zituen ibilbideari amaiera emanez”, Jaurlaritzak nabarmendu duenez.


