Azorak Osasun kalean hogei etxe huts eta sei pisu turistiko dituela salatu du Kaleratzeak Stopek
Osasun kalea, Donostian.Irutxuloko Hitza Kaleratzeak STOP plataformak jakinarazi du Azora putre funtsak gutxienez hogei etxebizitza hutsik eta sei pisu turistiko mantentzen dituela Donostiako Osasun kalean dituen bost finketan.
Kolektiboaren arabera, Azora burofaxak bidaltzen ari da Osasun kaleko maizterrei, duela zazpi urte baino gehiago Inmobiliaria Vascongadarekin sinatutako kontratuak amaitutzat emanez eta etxegabetze datak ezarriz. Enpresa horrek 2020ko urtarrilean 320 etxebizitza saldu zizkion funtsari hiriburuan.
Etekina ateratzea, helburu
Plataformak azaldu du funtsaren asmoa eremu horretan alokairuei “ahalik eta etekin handiena ateratzea” dela. Horretarako, ordainketak egunean dituzten maizterrak kanporatu nahi dituztela gaineratu dute, etxeak aldi baterako alokairuen merkatuan txertatzeko.
Formula horren bidez, tentsio handiko eremuetarako Etxebizitzaren Legeak finkatutako prezio mugak eta erreferentzia indizeak saihesten dituztela azpimarratu dute. Halaber, plataformak ohartarazi du mobilizatu egingo direla Azorak amaitutako kontratuengatik edo maizter zaurgarrien zein gaixo larrien aurka kaleratze prozedurak abiatzen baditu.
Neurrien eskaera
Azkenik, elkarteak iragarri du mozio bat eramango duela Donostiako Udalaren hurrengo osoko bilkurara. Ekimen horren bidez, honako neurriak eskatuko dituzte:
- Euskadiko Etxebizitzaren Legea baliatuz, Azorak Osasun kalean zein hiriko gainerako lekuetan hutsik dituen etxebizitzak desjabetzea, ohiko egoitza eta alokairu arautura bideratzeko.
- Azorak amaitutzat jo dituen alokairu kontratuak hiru urtez luzatzea eta berritzea.
- Udal kontsumo bulegoak eta Kontsumobidek, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin batera, Azorak interneteko atarietan argitaratzen dituen alokairuak ikuskatzea, eta legezko mugak urratzen badira 6/2025 Legearen bidezko zigorrak ezartzea.

