Meatzaldeko kondairak eta gizarte talkak ardatz, euskaraz da Ibon Martinen 'Arima Beltz'
Ibon Martin idazle donostiarra.Nagore Garmendia Post-it-ez bete ohi izan du logelan duen Veneziako koadro bat. Gaur egun, ordea, digitalizazioak aurrera egitearekin batera, istorioak eraikitzeko modua aldatu behar izan du Ibon Martinek (Donostia, 1976); orain, mugikorrean daramatza post-it-ak, baina beren istorioek xarma bera dute.
Horietako bat da Arima Beltz, eta bere euskarazko itzulpena aurkeztu du gaur idazleak. Gaztelaniaz duela urtebete baino gehiago argitaratutako El alma negra jatorrizko lanaren itzulpena Aiora Jaka Irizarrek egin du, eta berarekin osatu du egileak Ane Cestero ikertzailea ardatz duen lau liburuko zikloa.
Aurkezpenean, Martinek azpimarratu du euskal irakurleengana euskaraz hurbiltzeak duen garrantzia. Hala, onartu du bere ama hizkuntza gaztelania izanik, ez duela liburu bat hutsetik euskaraz osatzeko adinako erraztasunik, baina ilusio handia sortzen diola “bere lurraldeko hizkuntzan argitaratzeak” eta Cesteroren saga osoa euskaratuta ikusteak.
Ezohiko kasua, Meatzaldean
Arima Beltz lanak agur kutsua du, Ane Cesteroren azken liburua baita. Oraingoan, gainera, ikertzailea Ertzaintzatik kanpo arituko da, zerbitzutik etenda dagoen bitartean, Julia lagunari laguntzeko asmoz. Poliziaren baliabide eta babes ofizialik gabeko ikerketa izanik, inoizko kasurik zailenari eta berezienari egin beharko dio aurre.
Nobelaren kokalekua Bizkaiko Meatzaldea da —La Arboleda, Gallarta eta Trapagaran inguruak—. Martinek toki “latz” eta “berezi” gisa deskribatu du meatzaritzaren iraganak orbaindutako lurraldea. Bertako historia, bizitza eta kondairak ezagutzeko bertaratu zen idazlea, eta La Arboledako liburutegian Antonio Truebaren 1882ko De flor en flor liburua topatu zuen; bertatik berreskuratu zuen eleberriari izena ematen dion arima beltzaren kondaira iluna.
Girotzea ez ezik, eleberriko gatazkak egungo oihartzunak ere baditu. Narrazioak meategiak berriro ireki nahi dituen Neguriko familia boteretsu baten asmoak ditu abiapuntu, materialen garestitzearen eta testuinguru ekonomikoaren eraginez. Horrela, Nerbioiaren alde banatan bizi diren bi munduren arteko aldea —Neguriko jauregiak eta Ezkerraldeko zein Meatzaldeko prekarietatea— oso presente dago ikerketan zehar.

