Zubietako erraustegia gelditzea eskatzeko protesta egingo dute irailaren 23an, Kontxan
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideak, protestarako deialdia egiten.Errausketarik ez Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta hainbat eragilek protesta deitu dute, modu bateratuan, datorren igandeko (hilak 13) 11:00etan, Kontxako hondartzan. Elkarretaratzea estropaden egun handiarekin batera egingo dute, eta Zubietako erraustegia oraindik martxan dagoela salatzea zein behin betiko gelditzea du xede.
Mugimenduak berretsi du klimaren aldaketa jada presente dagoela, eta hondakinak erretzea kaltegarria dela osasunarentzat, bioaniztasunarentzat, lurzoruarentzat zein klimarentzat; horrek herritarrak kontrolik gabe kontsumitu eta botatzera bultzatzen ditu, birziklatu eta berrerabili beharrean. Horrekin batera, salatu dute Zubietako instalazioa dela Gipuzkoan negutegi eragina duten gas gehien isurtzen dituenetako bat.
Kutsadura hori ohiko jardunean gertatzeaz gain, maiz gertatzen diren ihes, istripu eta suteekin larriagotzen dela adierazi dute. Gogorarazi dutenez, langileek duela sei urte abiatu zuten borroka, eta aurten soilik hamar lanuzte eta borroka egun egin dituzte beren osasuna bermatuko duen barne araudiaren erabateko aldaketa aldarrikatzeko.
Eskaerak, erakundeei
Egoera honen aurrean, eskaera zehatzak luzatu dizkiete erakundeei: Gipuzkoako Foru Aldundiari Zubietako erraustegia gelditzeko eskatu diote, ingurumena, osasuna eta herritarren zein ondorengoen etorkizuna ez kutsatzeko; Gipuzkoako udaletako agintariei, aldiz, erraustegia geldiarazi dezatela eta hondakinak berrerabili, birziklatu eta konpostatzeko modu merke eta errazak aplika ditzatela, emaitza txarrak dituzten sistemak kenduz. Eta azkenik, agintariei kudeaketa egokiak eta Zubietako erraustegia ixtea exijitzeko deia egin diete herritarrei.

