Haurtxokoak, Gaztelekuak eta Kontadores zentroa zabaltzear dira
Parte Zaharreko haurtxokoa.Donostiako Udala Donostiako Udalak jakinarazi duenez, bihar, hilak 10, hiriko Haurtxokoak, Gaztelekuak eta Bidebietako Kontadores zentroa irekiko dituzte. Udako etenaldiaren ondoren, ohiko programazioa eta eskaintza berreskuratuko dituzte.
Haurtxokoak 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta Gaztelekuek 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako topagune eta aisialdi gune bat eskaintzen dute. Baliabide horien bidez, aisialdi hezitzaile eta osasungarrirako alternatibak eskaintzen ditu udalak, eta, aldi berean, haur eta gazteen autonomia, bizikidetza eta parte hartzea bultzatzen ditu.
Arantxa Lopez Gazteriako zinegotzi ordezkariak azpimarratu du garrantzitsua dela udal guneen sare “hurbil eta irisgarri bat mantentzea, haur eta gazteek beren burua aurkitzeko, harremanak izateko eta aisialdiaz modu seguru eta aberasgarrian gozatzeko aukera izan dezaten”.
Haurtxokoen ordutegi orokorra hau izango da: asteartetik ostegunera eta larunbatetan, 17:00etatik 19:20etara, eta ostiraletan, 17:00etatik 19:50era. Arratsaldeetan une zehatzak egongo dira irteeretarako ezarrita. Irteerak, berriz, hauek izango dira: asteartetik ostegunera eta larunbatetan, 18:30ean edo 19:00etatik 19:20ra, eta ostiraletan, 19:00etan edo 19:30etik 19:50era. Antiguako haurtxokoa, hilaren 12an irekiko dute, 16:00etatik 18:15era.
Gaztelekuei dagokienez, bihar Altza, Amara, Bidebieta, Egia, Gros, Intxaurrondo eta Martutenekoak irekiko dituzte, eta ordutegi hau izango dute: asteartetik ostiralera, 17:30etik 20:00etara, eta larunbatetan, 17:30etik 20:30era. Bestalde, Aieteko Gaztelekua hilaren 11n zabalduko dute, ordutegi honekin: ostiraletan, 17:00etatik 20:30era, eta larunbatetan, 16:30etatik 20:00etara. Antiguako Gaztelekua, berriz, hilaren 12an irekiko dute, 18:30etik 21:00etara.
Kontadores eta Etxarriene
Bidebietako Kontadores zentroa ere bihar zabalduko dute, ohiko ordutegiarekin: asteartetik ostiralera, 17:30etik 20:30era, eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara. Udalak gogorarazi duenez, zentroa kultur eta arte proiektuak garatzeko tokia eskaintzen du, baita esperimentaziorako, sorkuntza kolektiborako eta topaketarako ere. Gainera, helburua da gazteen parte hartze aktiboa sustatzea eta beren ekimen eta proiektu propioak bultzatzen laguntzea.
Etxarriene guneak bihar ekingo dio berriro jarduerari, eta astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, 16:30etik 20:00etara.

