Txomin Letamendiren heriotzaren inguruko epaiketa Donostian egingo dute
Txomin Letamendi EAJko militantea.Jesus Elosegi Irazusta/Wikipedia Urriaren 6an egingo dute Txomin Letamendi Murua EAJko militante ezagunaren heriotzaren inguruko epaiketa, Donostian: “Lehen aldia da, Euskal Herrian, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Estatuko Legearen esparruan, giza eskubideen urraketa larriengatik epaiketa bat egingo dela, ‘borondatezko jurisdikzioaren’ bitartez”, nabarmendu du GEBehatokia Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak.
Hain zuzen ere, iazko apirilean instrukzio epaileak Letamendiren heriotzaren polizia arduradunak hiltzat eman eta auzia itxi bazuen ere, borondatezko jurisdikzioa baliatu dute auziak aurrera jarraitu ahal izateko: “Prozesu horrek ez du esan nahi delitugileen jazarpen penala egiten denik, egitateen ziurtagiri judiziala baizik. Tortura, espetxean laguntzarik ez izatea eta, azkenik, heriotza Letamendiren kasuan, biktima gisa aitortua, eztabaidarik sortzen ez duenak, inork zalantzan jartzen ez duenak, baina epaitegi batek behin betiko berrestea eskatzen duenak”, azaldu du GEBehatokiak. Erakunde horrek sustatu du, hain zuzen ere, prozesu hori guztia, “familiaren adostasunarekin”, nabarmendu duenez.
Kereilaren garrantzia
Prozesu judizial horren aurretik, GEBehatokiak kereila bat aurkeztu zuen, Txomin Letamendiren kasuaren harira, “Memoria Demokratikoaren Legearen babespean, eta lege horren 2.3 artikuluan ezartzen denez, “gerra krimenak, gizateriaren aurkako krimenak, genozidioak eta torturak preskribaezinak eta amnistiaezinak” direlako. Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegiak tramitera onartu zuen kereila.
“GEBehatokian mugarritzat jo genuen epaitegiak justiziaren bunker ukatzailean arrakala bat irekitzea eta, Amnistia Legean oinarritu gabe, militante abertzalearen torturan eta heriotzan izan zituzten erantzukizunak eta egileak ikertzen hastea. Auto horren bigarren aurrekariaren garrantzia adierazi genuen; izan ere, epailearen ustez, ‘eginbideak egin dira egitateen izaera eta inguruabarrak zehazteko’. Hildako erasotzaileentzat egin ahal izan bazen, ez dago inolako eragozpenik gizateriaren aurkako delitu bizien egileei aplikatzeko”, gogorarazi du GEBehatokiak.
Hala ere, Letamendiren kasuan, Espainiako Barne Ministerioaren Artxibo Historikoak “zirriborroak eta zentsura zituen dokumentazioa” bidali zuela deitoratu du GEBehatokiak. “Lehendakariak eta euskal legebiltzarkideek Kongresuan eta Senatuan emandako babesaren ondorioz, beste kopia bat bidali zen, osoa kasu honetan. Ebidentzia bat da, orain arte, Espainiako Estatuak bere ardurapean egin ziren delitu horien egileak estali dituela eta erabateko zigorgabetasunaz hornitu dituela, eta horrek biktimen familiak berriz biktimizatzea eragin duela”, gaineratu du.
Tronpetista, gudaria eta espioia
1920ko hamarkadan, jazz tronpetista gisa aritu zen Letamendi, besteak beste, Elola Band taldearekin. Musikaria ez ezik, ordea, abertzalea zen, eta EAJren Ariztimuño batailoian sartu zen jeltzaleek 36ko gerran frankisten aurka borrokatzea erabaki zutenean. Hainbat frontetan borrokatu zen, eta batailoi horretako komandante izatera ere heldu zen.
1937an Bilbo frankisten mende erori zenean, Parisera erbesteratu zen jeltzalea. Bertan, euskal erbestearekin harremana mantendu zuen, eta erbesteko Eusko Jaurlaritzarekin lotura zuen Eresoinka taldean jarraitu zuen bere musika ibilbidea. Paris nazien esku erortzear zenean (1940), aldiz, Venezuelara erbesteratu zen. Han hasi zen Eusko Jaurlaritzaren informazio zerbitzuentzat lan egiten, eta bide hori bera jarraitu zuen 1943an Bartzelonara joan zenean. Handik denboraldi batera, Euskal Herrira itzuli zen, Bilbora, eta espioitza lanak egiten jarraitu zuen.
1946an, Donostiara etorri zen bizitzera, eta Joseba Elosegirekin batera, Frantziako Estatutik informazioa eta errefuxiatuak pasatzen zituzten mugalariekin aritu zen. Urte horretan harrapatu zuten frankistek, ordea, Donostiako tren geltokian Madrildik bidalitako pakete bat jasotzera joan zenean. Torturatu eta gero, bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta Carabanchelgo espetxean sartu zuten. 1947ko maiatzean askatu zuten, baina beste espioitza misio baten ardura hartu zuen eta berriz atxilotu zuten; Bartzelonako Modelo espetxean sartu zuten eta bortizki torturatu zuten. Hainbat espetxetatik pasatu zen ondoren.
Horren guztiaren ondorioz, hurrengo urteetan, bere osasun egoera nabarmen okertzen joan zen. Hori dela eta, 1950eko urrian aske utzi zuten eta, gose greba bat tartean, abenduan hil zen, bere senideen etxean.

