Anabasa estetikoa eta interferentziak
Filma: El Ser Querido
Zuzendaria:Rodrigo Sorogoyen
Urtea: 2026
Herrialdea: Espainia
Irakurri duzuenarekin kontuz. Ez zaitezte fio, edo behintzat, ez zaitezte konformistak izan. Iazko film arrakastatsu eta txalotuenaren abiapuntu bera dauka (zinemagilea den aita batek alaba konbentzituko du bere lan berrienean aktore izan dadin), gaia partekatuko du (bakardadea, hutsunea, galera, metazinema), baina guztiz bestelako trataera eszenikoaz jantzita dago. Rodrigo Sorogoyenen El Ser Querido eta Joachim Trierren Sentimental Value (2025) pelikula konparatzea saihestezina da, baina bata bestearengandik gertu(egi) estreinatu izanak ez luke gure iritzian eraginik izan beharko.
Zinemagile norvegiarrak zuzendu eta Ingmar Bergmanen ondarea berreskuratzen duen drama intimistak etxea errepresentazio espazio kolektibo gisa aurkezten bazuen, sortzaile espainiarrarenak itsaso infinituak inguratutako uharte desertikoa erabiliko du bikote protagonista isolatu, elkartu eta muturrera eramateko. Haize zakarrak oztopatuko du etengabe beraien arteko komunikazioa, hamarkada luzez etenda egon den harremanaren metafora izanik. Bi pertsonaien haustura pertsonalak, baina, urtez urte larritzen joan denak, errodaje baten baitan egingo du gainezka.
Lehen sekuentzia ikusgarritik bertatik hasiko gara deseroso sentitzen. Esteban Martinez (Javier Bardem) zinema zuzendari entzutetsua Emilia alabaren (Victoria Luengo) zain dago kafetegi batean, eta oharkabean planoak hainbat mozketa bortitz pairatuko ditu bere baitan. Zerbait gertatzen ari da, guk oraindik ez dakiguna, baina kontziente gara Sorogoyenek ezegonkortasunean murgildu gaituela. Eta aterabiderik ez dagoela. Askok gogoan izango duzue El reino (2018) filmaren bukaerako pasartea, aurrez aurreko deseroso hura, bada, antzera gertatuko da hemen. Aita-alabak, mahai baten bueltan, hainbeste denboraren ondoren, elkarri esan beharreko asko; tentsioak gora egingo du, are, elkarrizketa distantzia motzean kontatuko baita, gizonaren eta emakumearen aurpegiek hartuko dute enkoadratze osoa, ez dago arnasgunerik, erritmo biziz gauzatuko dira plano aldaketak, mozorroak eta maskarak erantsiko dituzte, aspaldiko zauriak sendatu gabe daude eta sendaezinak dira.
Adorea behar da gero, emozioari, minari aurre egiteko. Bardemek eta Luengok filmaren lehen sekuentzia honetan biluziko dituzte beren arimak, baina ez dira hitzen menpeko izango, begiraden esklabo baizik. Aita-alabaren hartu-emana ardatz, lan arloko botere harremanak, egoak, maskulinitate toxikoak eta hierarkiak aztertu ditu metazinema ariketa zoro honetan. Kanaria Uharteetan gauzatzen ari diren filmaketak aurrera egin ahala, protagonistek azaleratuko duten «barne-egia» ageriko eta fisiko bilakatu du Sorogoyenek. Horretarako, zuri-beltzeko irudiei ardura emozionala erantsiko die, bateko zein besteko formatuak txertatuko ditu, kamera mota ezberdinekin hartutako irudiak ere pilatuz.
Filmaren klimaxean, anabasa estetikoak interferentziak sortu eta bi pertsonaia nagusien arteko arrakala handituko du, eztanda egin arte. Bertan, ikus-entzulea nahasiko du Sorogoyenek, zer ikusten ari den pentsatzera bultzatuz, bai. Baina zinemagile espainiarraren apustuak (intentziorik onenak izan dituela zalantzarik ez) desordena iradokiko du, gehiegitxo izango da, kaosaren harmoniak ere eskatzen baitu ez-logikaren baitako logika bat. Formak edukia irensten du.

