Ategorrietako Galtzada Zaharra hobetzeko lanei ekingo diete astelehenean
Ategorrietako Galtzada Zaharra.Donostiako Udala Jesuitak ikastetxearen sarrera nagusia dagoen Ategorrietako Galtzada Zaharraren 28. zenbakiaren pareko tartea hobetzeko lanak hasiko ditu astelehenean, hilak 14, udalak. Esku hartze honen helburua da eskola ingurune horretan irisgarritasuna, segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea, oinezkoen, bizikleten eta ibilgailuen arteko bizikidetza seguruagoa ahalbidetuz. Lanek 158.086 euroko aurrekontua dute, eta hiru hilabeteko exekuzio epea.
Besteak beste, espaloia berritu eta altxatuko dute, irisgarritasuna hobetzeko eta gune hori eskola garraiorako aparkaleku gisa erabili ahal izateko. Hala, ikastetxera oinez sartzen diren pertsonen segurtasuna indartuko dute. Halaber, Zurriola hondartzarantz doan noranzko bakarreko bidegorriaren ibilbidea aldatuko dute, espaloitik kendu eta aparkaleku arautura aldatua.
Segurtasuna handitzeko, ibilgailuen abiadura murriztuko dute, 30 km/h-tik 20 km/h-ra, eta trafikoa lasaitzeko elementuak jarriko dituzte.
Gainera, kale argiteria berrituko dute. Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, “argiztapena hobetzeak ikuspena hobetzea esan nahi du, baina, era berean, pertsonak seguruago sentitzen laguntzea espazio horretatik igarotzen direnean, batez ere jende gutxien dagoen orduetan. Segurtasunak gure espazio publikoak diseinatzeko eta zaintzeko moduarekin ere badu zerikusia”.
Obrek eragina izango dute inguruan. Kalea Saltxipi paretik aurrera itxiko dute, baina oinezkoek eta bizikletek erabiltzen jarraitu ahal izango dute. Lanen azken astean, berriz, ibilgailu guztientzat itxiko dute gauez asfaltatze lanak gauzatu ahal izateko.

