Isabel Coixetek 'Kaosaren diziplina' erakusketa aurkeztu du San Telmo Museoan
Isabel Coixeten erakusketaren aurkezpena.San Telmo Museoa San Telmo Museoak Isabel Coixet zinegilearen Kaosaren diziplina erakusketa aurkeztu du Zinemaldiaren lankidetzarekin. Laborategia aretoan izango da ikusgai irailaren 11tik azaroaren 1era, eta sarrera doakoa izango da.
Coixet zinemagile gisa ezaguna bada ere, erakusketak haren sormenaren alderdi ezezagunagoa erakusten du: azken urteotan zinemarekin batera garatu duen collage lana. 60 collage baino gehiago biltzen ditu erakusketak, New Yorken, Erroman eta Montolieun sortuak, eta 2025ean Thyssen-Bornemisza Museoan, PhotoEspañaren programazioaren barruan, aurkeztutako erakusketaren jarraipena da, hainbat lan berri gehitu dituzte.
Collageak eskuz nahiz teknika digitalen bidez eginda daude, eta argazkiak, ebakinak, testuak eta aurkitutako objektuak uztartzen dituzte. Coixetek azaldu du marrazten nahi bezala ez zekielako hasi zela collageak egiten, eta teknika hori beste tresna batzuk —kamera, gidoia edo hitzak— nahikoa ez zaizkionean baliatzen duela. Haren esanetan, moztea “indarkeria-ekintza” kontrolatu eta zibilizatua da: munduan soberan dagoena kendu, eta materiala beste ordena batean berrantolatzea. Hiru hiriek ere eragin desberdina izan dute lanetan: Erromak argia, hondakinak eta historiaren geruzak ekarri zizkion; New Yorkek abiadura eta zuzentasuna; eta Montolieuk, berriz, liburu zaharren eta irudi historikoen eraginez, collage isilago eta bitxiagoak.
Erakusketarekin batera, 52 orrialdeko argitalpen eleaniztun bat kaleratu du museoak, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, 6 euroko prezioan. Bertan, Coixeten beraren testuez gain, Laura Ferrero kazetari, idazle eta gidoilariaren eta Estrella de Diego arte-historialariaren testuak ere jasotzen dira. Coixetek aitortu du ez dakiela zehazki zer diren bere piezak eta zalantzak dituela egiten duen ia guztiaren inguruan, baina collageek asmorik edo onespenik bilatzen ez dutela azpimarratu du: ebaki, berrantolatu eta esanahi berria emateko prozesutik sortzen dira. “Sartu. Begiratu”, da bisitariei egiten dien gonbidapena; eta obra batek hunkitzen baditu, pentsatzeko eskatzen die, agian, “beharrezkoa izango zela”.

