Pelegriñene baserri historikoa, «Altzako tomatearen» etxea
«Altzako tomatea» kartela ikusi bezain laster, zalantzarik gabe erosten dute tomate hori donostiar askok, jakin baitakite kalitate onekoa dela. Pelegriñene baserritik dator tomate hori gehienetan, eta bertan elkartu da IRUTXULOKO HITZA Joxean Odriozola arduradunarekin, tomateaz ez ezik, baserriaz eta bestelakoez hitz egiteko.
Joxean Odriozola Altzako Pelegriñene baserriko arduraduna, baserriaren kanpoaldean.Beñat Parra Ez dira gutxi gaur egun «tomate zaporea duten tomateak» faltan botatzen dituzten herritarrak, nostalgiak jota batzuetan, eta azkar eta gaizki ekoiztutako supermerkatuko tomateekin nekatuta, beste batzuetan. Bada, donostiar ugarik dakiten moduan, saltoki txiki askotan «Altzako tomatea» kartelarekin aurki daitekeena tomate zaporea duen horietako bat da.
«Altzako tomate gisa saltzen den gehien-gehiena gurea da», azaldu du Pelegriñene baserriko Joxean Odriozolak (Altza, 1957). Hain zuzen ere, 17.000 bat metro koadro lur dituzte horretara bideratuta: «Baserriaren inguruan, 10.000 bat metro koadro ditugu negutegiekin okupatuta; San Marko inguruan, 4.000 metro koadrotik gora eta Oiartzunen beste 3.000 bat». Metro koadroko, sei eta hamalau kilo tomate artean atera ohi dituzte.
Horrela, hori da baserriaren jardun nagusia: «Duela lauzpabost urte, nire alabek hartu dute honen guztiaren ardura eta, beraiez gain, udan hiru langile edukitzen ditugu eta neguan pare bat. Ni jubilatuta nago, baina jubilazio aktiboan, hemen beti dagoelako zer egin», nabarmendu du Odriozolak. Hain zuzen ere, ia urte osoan zehar ekoizten dute tomatea, «martxo bukaera edo apiril hasieratik urtarrilera», nahiz eta garai onena «maiatza eta ekaina» izan ohi diren beraientzat.
Lana eginez eta borrokatuz, izena egin
Tomatea ez da beti izan Pelegriñeneko jardun nagusia: «Beti eduki dugu baratzea etxean, baina ganadua ere bagenuen lehen», gogoratu du Odriozolak. «Sei behi edukitzen genituen ukuiluan, horietatik bi suitzarrak, uztarrirako. Traktorea sartu zenean, behi haiek kendu, eta esne behiak baino ez genituen utzi», gaineratu du. Horrela, Odriozolak gogoratzen du, berak 10 bat urte zituela, 1960ko hamarkadan, ama «zaldi gurdian jaisten zela Donostiara», baratzeko produktuak eta behi esnea saltzera.
Odriozolak baserriaren ardura hartu ostean, ordea, 1980ko hamarkadaren hasieran, jardun osoa baratzera bideratzea erabaki zuen: «Alde batetik, niri gehiago gustatzen zitzaidalako eta, bestetik, gure etxeko lurrak ez zirelako oso egokiak bospasei behi baino gehiago edukitzeko, eta horrekin gaur egun ezin da bizimodua ondo atera». Horrela, pixkanaka, negutegiak jartzen joan ziren eta, pixkanaka, ospea lortzen: «Guk tomatea egiten genuen, jendeak eskatu egiten zigun… eta ondo landuz gero, errentagarritasun handia ematen du, beraz, izen bat egiten joan ginen. Horrela, gaur egun, jendea gure tomatearen bila joaten da eta ondo ordaintzen du, gainera».
Hori bai, ez diote edonori eta edozein modutan saltzen euren tomatea: «Borrokatu egiten gara guk nahi dugun moduan saltzeko, gu baikoaz dendara zuzenean, bitartekaririk gabe; soilik denda txikiei saltzen diegu. Hori garrantzitsua da, zure produktua eta prezioa defendatzen dituzulako».
Baserrian jaioa
Pelegriñenen bertan jaiotakoa da Odriozola, eta, beraz, ondo ezagutzen du baserriaren historia. Aldiz, ez da beti bere familiarena izan: «Duela 70 bat urte, hemen bizi ziren senar-emazteek ez zeukaten seme-alabarik. Amaren senideak ziren haiek, eta ama hona etorri zen, bere amarekin eta familiarekin. Beraz, aita zen kanpokoa zena».
Hala ere, askoz ere zaharragoa da Pelegriñene: «Idatzita dago lursail hau 1527an erosi ziola Pelegrin de Arpide izeneko gizon batek Merkear baserrikoari, hemen baserria eraiki eta sagarrondoak aldatzeko. Beraz, 500 urte betetzera doa baserria, nahiz eta, esaten dutenez, karlistaldietan erre egin zen eta berreraiki egin zuten». Hasieran, ordea, Madrigal izena jarri zioten baserriari, segur aski, egungo 27 Industrialdearen inguruan zegoen iturri baten izena hartuta.
Odriozolaren familia bertan bizi bazen ere, 1985era arte, baserria ez zen beraiena izan, urte hartan erosi baitzuen Joxean Odriozolak: «Baserria zahar-zaharra zegoen, baina zaharberritzeko obra egin genuen duela 40 bat urte. Hala ere, beheko pareta guztia jatorrizkoa da, mantendu ahal izan genuen».
Etorkizuna, erronka
Altzan zutik jarraitzen duten baserrietako bat da Pelegriñene, garai bateko Altzaren arrastoetako bat. Arrasto soil bat baino gehiago da Pelegriñene, ordea, zutik ez ezik, bizi-bizirik jarraitzen baitu.
Odriozola, ordea, ez da oso baikorra inguruko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren etorkizunarekin: «Gu ezin gara kexatu, erreleboa emanda dagoelako dagoeneko, baina ez dut gauza bera ikusten inguruan». Hala ere, XXI. mendean, oraindik ere, Donostiako mugen barruan baserritik bizitzea posible dela erakusten du Pelegriñenek. Jasangarritasuna sustatzea gero eta ezinbestekoagoa den garaiotan, ba al dago Donostian Altzako tomatea jatea baino gauza jasangarriagorik?




