Alberto Gastesiri emango diote Egile Berriak saria Euskal Zinemaren Galan
Euskal Zinemaren Gala aurkeztu dute.Zinemaldia EITBk Egile Berriak saria Alberto Gastesi gidoilari eta zuzendari donostiarrari emango dio Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan; “Alberto Gastesi saritzea bere ahotsa aurkitu duen ibilbide bat aitortzea da, baina baita oraindik deskubritzeke duen guztiarekiko jakin-mina bere horretan mantentzen duen sortzaile bat ere”, adierazi dute EITBtik.
Hilaren 22an egingo dute Euskal Zinemaren Gala, Viktoria Eugenia antzokian. EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak eta Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek lankidetza hitzarmena aurkeztu dute: ETBk eta ETB ONek zuzenean eskainiko dute gala.
EITBrena ez da emango duten sari bakarra, beste bost sari emango dituzte baita ere: Euskal Herriko Gidoilari Onenaren GIDOI + SGAE saria Alauda Ruiz de Azuak jasoko du, aurreko Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen Los Domingos film luzean egindako lanagatik. Film luzeak ere EZAE saria jasoko du, “zinema aretoetara ikusle gehien eraman dituen euskal ekoizpena nabarmentzen duen saria” Zinemaldiaren hitzetan. Euskadiko Filmategiak aurrenekoz emango du bere saria Euskal Zinemaren Galan eta aurten Ana Diez zuzendari nafarrak jasoko du saria. EAB saria Aitziber Garmendia zaldibiarrak jasoko du. Azkenik, Zinemaldiak eta EPE IBAIAk Zinemira saria Jose Ramon Soroizi emango diote, “lau hamarkadatik gorako ibilbide profesional bikaina eta euskal zinemaren garapenean zein sendotzean izan duen ekarpena” aitortzeko.

