Buru osasunari eta etorkizuneko plangintzari buruzko jardunaldia gauzatuko du ostegunean Agifesek

Agifesek antolatuta, Buru osasuna eta etorkizuna: autonomia, laguntzak eta plangintza jardunaldia aurrera eramango dute udaletxeko pleno aretoan ostegunean, hilak 17, 17:30ean hasita. Topaketaren ardatz nagusietako bat etorkizunaren plangintzari buruzko mahai ingurua izango da. Elkarren artean estuki lotuta dauden hiru ikuspegitatik landuko dute gaia: pertsona bakoitzak nola bizi nahi duen eta hori posible egiteko zer behar duen; gerta litezkeen krisiei nola aurrea hartu, pertsonaren autonomia, borondatea eta lehentasunak errespetatuz; eta zer eginkizun izan behar duten familiak, gizarte sareak, osasun eta gizarte sistemek eta erakundeek bizi proiektu horri denboran zehar eusteko.
Testuinguru horretan, Buru osasuna Gipuzkoan gida aurkeztuko du Agifesek, buruko osasun arazoak dituzten pertsonek eta haien senideek eskuragarri dituzten laguntza, prestazio, zerbitzu eta baliabide nagusiak dokumentu bakarrean biltzen dituen lehen argitalpena. Egungo laguntzei buruzko informazio “argi eta osoa”eskuratzea errazten du, haiek ezagutu, erabaki informatuak hartu eta beren eskubideak baliatu ahal izan ditzaten. Gida paperean edota digitalean kontsulta daiteke.
Ekitaldian, gainera, Etorkide programaren berri ere emango dute. Horren bidez, buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei etorkizunaren plangintzan lagunduko diete. Xede du pertsona bakoitzak, behar dituen laguntzekin, bere bizi proiektua garatu ahal izatea eta berari eragiten dioten erabakietan parte hartzea, baita familia sarea zahartzean, ahultzean edo eskuragarri egoteari uzten dionean ere.
Bestalde, elkartearen 40. urteurrena ospatzeko ere baliatuko dute ekitaldia. Bertan elkartuko dira erakundeetako ordezkariak, profesionalak, sektoreko eragileak, senideak eta esperientzia propioa duten pertsonak, autonomiari, norbere erabakiak hartzeari eta bizitzan zehar behar diren laguntzei buruz hitz egiteko. Parte hartuko dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusi Txaro Rodrigok, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maria Jesus Idoetak, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari Andrea Gabilondok; Agifeseko kudeatzaile Ruth Encinasek, Agifeseko Zuzendaritza Batzordeko kide Esther Ezpondak, Veronica Pazos gizarte langileak, Agifeseko elkar laguntzako agente Mikel Merinok eta Agifeseko senideentzako laguntza taldeko parte hartzaile Paloma de Cassok.
Jardunaldia streaming bidez ere emango dute Agifesen YouTubeko kanalean.
Lehiaketa
Aurten ere, Agifesek 2026ko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak antolatu ditu. Lehiaketa honen xedea buru osasunaren inguruko kazetaritza eta dibulgazio lanak sustatzea eta saritzea da. Buru nahasmendua duten pertsonei buruzko informazioa ikuspegi arduratsu batetik ematen duten lanak nabarmentzen dituzte; gizarte-sentsibilizazioa sustatzen eta estigma gainditzen laguntzen duten horiek, hain zuzen ere. Sariek hedabideetako profesionalei eskerrak emateko helburua dute, “ahalmen handia baitute buruko osasun arazoak naturalizatzeko eta pertsonen gizarteratzea bultzatzeko”.

