Ertzaintzak ikerketa abiatu du, Ernairen manifestazioan Espainiako erregearen figura baten burua hautsi izanaren harira
Felipe Borboikoaren figura, Bulebarrean, burua puskatuta.Xalba Ramirez Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeak deituta, milaka pertsona mobilizatu ziren igandean Donostian, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko eta faxismoaren kontra egiteko. Manifestazioaren bukaeran, Bulebarrean, aurpegia estalita zuten pertsona batzuek Felipe Borboikoa Espainiako erregea irudikatzen zuen figura atera zuten errepidera, eta burua hautsi zioten figurari, mailu batekin kolpeka.
Horren harira, ikerketa abiatu du Ertzaintzak, baita atestatu bat ireki ere, desordena publikoengatik. Halaber, gertakaria gaitzesteko adierazpenak egin dituzte Jon Insausti Donostiako alkateak eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Europa Press albiste agentziak jaso duenez.
Hain zuzen ere, Insausti jeltzaleak adierazi du Espainiako erregearen figurarekin egindakoak ez duela “bizikidetzarik uzten Donostiako kaleetan”: “Ez dut uste ideologia eta pentsamendu desberdinen arteko elkarbizitza osasuntsua sortzeko elementu positiboak direnik “. Halaber, gaineratu du bere “zeregin nagusia”, izango dela “Donostia bandera gisa asaldura sustatu nahi duen edozein erradikalismo edo populismotik babestea”. Garmendia sozialistak, bestalde, “errespetu falta oso larritzat” jo du figurarekin gertatutakoa: “Bitxia da, baina, muturretan, ultraeskuina eta ultraeskuina ukitzen dira; kasu honetan, muturreko sasi abertzaleek berdin jokatzen dute, intolerantziaz, iritzi aniztasuna eta aukera politikoen aniztasuna errespetatu gabe”.

