Trontza ikuskizun bikaina aurten ere Intxaurrondo Zaharreko jaietan
Intxaurrondo Zaharreko jaietako emakumeen trontza txapelketa, larunbatean.Beñat Parra Auzoko jaiak ospatu dituzte asteburu honetan Intxaurrondo Zaharrean, ostegunetik igandera, jai giro ederrean, ohiko legez. Larunbat arratsaldean, azken urteotako ohiturari jarraiki, herri kirol erakustaldia egin zuten Intxaurrondo kalean bertan, parte hartzaile zein ikusle ugarirekin.
Hain zuzen ere, alde batetik, haurren giza proba desafioa egin zuten, Intxaurrondoko talde bat eta Egiako bat parez pare lehiatuz —beste bi talde ere aritu ziren, erakustaldi modura—. Intxaurrondokoek etxean jokatzen bazuten ere, Egiako taldea gailendu zen desafioan, alde txikiarekin: 24 plaza osatu zituzten intxaurrondotarrek eta 24 plaza eta marra bat egiatarrek.
Bestetik, emakumeen trontza txapelketa izan zen arratsaldeko ekitaldi nagusia; hamabost bikotek hartu zuten parte ikuskizun handia emanez. Hamabost horietatik, Naroa-Iratxe, Larraitz-Amaiur, Amaiur-Nerea eta Aiora-Haizea bikoteak sailkatu ziren final handirako, eta Naroa-Iratxe bikotea izan zen moztu beharreko hiru egurrak mozten azkarrena, alde txikiarekin: 2:17.62 minutu behar izan zituzten irabazleek eta 2:17.84 minutu. Aiora-Haizea bikotea izan zen hirugarren sailkatua eta Amaiur-Nerea laugarrena.
Aurten, IRUTXULOKO HITZA izan da Intxaurrondo Zaharreko jaietako trontza txapelketako babesleetako bat, eta, hain zuzen ere, hedabide honen zenbait produktu eta doako harpidetza bat jaso zuten irabazleek sarien artean. Jarduera babesten ez ezik, bertan argazkiak egiten ere egon zen IRUTXULOKO HITZA, eta, hain zuzen ere, jarraian ikus dezakezue irudi bilduma:

