Txapelfesta antolatu du beste urte batez Groseko Indarrak
Groseko Indarrak udan bere egoitzaren ondoan jarri ohi duen taberna, jendez beteta.Groseko Indarra Txapelfesta kirol ekitaldia antolatu du aurten ere Groseko Indarra surf taldeak ostiral, larunbat eta igandean, hilak 18, 19 eta 20. Zurriolako hondartzan surf egiten dutenen arteko loturak estutu nahi dituzte txapelketarekin, baita haien proiektuarekin jarraitzeko irmoa “lau haizeetara zabaldu” ere.
Txapelfesta topagune eta festa izango dela ziurtatu du surf taldeak: “surf balio aurrerakoietatik” bultzatu nahi duten surflarien topagunea eta Zurriolan surfean aritzen direnak elkartuko dituen festa. Gainera, larunbatean parte hartzaileak mozorrotuta joatera gonbidatu ditu Groseko Indarrak, eta mozorrotuta doazenen artean surf taula bat zozketatuko dute.
Lau modalitate egongo dira: taula motza, taula luzea, kortxoa eta surf egokitua. Parte hartzaile bakoitzak modalitate bakarrean soilik eman dezake izena. Gutxienez 8 urte izan behar dituzte parte hartzaileek, eta edonorrek parte hartu dezake –nahiz eta taldeko kide ez izan–, baina 120 parte hartzaile egongo dira gehienez. Izen ematean lehentasuna izango dute emakumeek, surf egokituan aritzen direnek eta kolektibo zaurgarriek.
Gaur ireki dute izen ematea, eta asteazkena, hilak 16, 18:00ak arte egongo da irekia. Izen ematea online egin behar da Groseko Indarraren webgunean.

